BIDEOA | Gaur 50 ukrainar iritsi dira Bilbondora, gerratik ihesi
Gerra
BINKE / 2022ko martxoa
Gaur 50 ukrainar iritsi dira Bilbondora, gerratik ihesi
TESTUA ETA IRUDIAK: Jon Gomez Garai
Beraien herrialdetik ihesi, 50 ukrainar goizeko 08:00 pasatxo iritsi dira gaur Bilbondo merkataritza-gunera. Denek dute harrera-etxea hemen, baina ez dira iritsiko diren bakarrak. Horren aurrean, Galdakaoko Udalak, GBGEk eta CEARek etxe hutsak dituztenei dei egin diete, ukrainar errefuxiatuak hartu ditzaten.
Erakundeek jakinarazi dutenari kasu eginez gero, martxoaren 10ean iritsi zen Galdakaora gerratik ihesi zetorren lehenengo familia ukrainarra. Hala adierazi zuen Udalak eta horrela kontatu zuen Binkek beheko albistean. Gaur aldiz, martxoak 16, berrogeita hamar ukrainar iritsi dira Bilbondo merkataritza-gunera.
Goizeko zortziretan ziren etortzekoak eta minutu gutxi beranduago iritsi da Polonia eta Ukraina arteko mugatik Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak (GBGE) kudeatutako ukrainar errefuxiatuen lehenengo autobusa —baina ez azkena, GBGEtik komunikabideei baieztatutakoaren arabera—.
Autobusaren kontratazioa boluntario talde pribatu batek egin du. Hango eta hemengo familiak aurkitzeko lana aldiz, GBGE elkarteak boluntario talde honekin elkarlanean burutu du. Horregatik, «gaur iritsi diren 50 pertsonek lekua daukie hemen, hartuko dabezan familiak daukiez», azpimarratu du Ainhoa Crespo GBGEko koordinatzaileak gaur Bilbondon.
Gaur iritsitako gehienak, Errusia Ukraina bonbardatzen hasi denetik ikusten ari garen bezala, emakumeak —emakume gazteak gainera— eta adinez txikikoak izan dira. Izan da tartean adineko gizonik ere, baina gehienak beraien senarrak Ukrainako frontean utzita etorritako emakume eta haurrak izan dira.
Zapatuan irten zen gaur iritsi den autobusa. Orain atseden hartzeko beharra baino ez dute ukrainarrek, Binkek egiaztatu ahal izan duen moduan. Euretariko gehienak Galdakaoko edo inguruetako etxeetan geratuko dira, aurretik ezagutzen zituzten etxeetan —gehienak Txernobyletik ihesi udaran etortzen zirenak— batzuk, eta etxe zein familia ezezagunetara beste batzuk.
Beraien harrera-etxeetara joan aurretik, gehienak Bilbondok eskainitako gosaria hartzeko aukera izan dute.
Galdakaoko Udalak, bere aldetik, dei egin die etxe hutsak dituzten herrikide guztiei, euren etxeak «berme guztiekaz eta sasoi baterako» ukrainarrei uzteko. Udala eta errefuxiatuez arduratzen den CEAR elkartea arituko da horretarako bitartekari lanetan.
Bere etxean ukrainarrak hartu gura dituenak beraz, ondoko kontaktuetan egin dezake:
- Galdakaoko Udala (Nerea Orozko):
944 01 05 06 edo norozko@galdakao.eus - CEAR Bizkaia:
94 424 88 44 (19:00ak arte) edo 679013654 (larrialdiko arreta, 19:00etatik 07:00ak arte)