BIDEOA | Sormeneren udaberriko ekintzak Elexalde ikastetxean aurkeztu zituzten
Kultura
BINKE / 2022ko apirila
Sormeneren udaberriko ekintzak Elexalde ikastetxean aurkeztu zituzten
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Binke
Apirilaren 6an Sormenek Galdakaoko Elexalde BHI ikastetxean udaberriko edizioan eskainiko diren eduki eta emanaldien aurkezpena egin zuen. Bertan, Gotzon Barandiaranekin batera, ikasle, irakasle, zinegotzi eta Formol Laborategia konpainiako kideak ere izan ziren.
Sormeneko zuzendari artistikoa den Gotzon Barandiaranek hasieratik aipatu nahi izan zuen zeintzuk diren Sormeneren zutabeak: «Sormena-plazak-komunikazioa-transmisioa». Lan ildo hauetatik Euskal Herri mailan gehien kezkatzen duena transmisioa dela iragarri zuen, «etena gertatu baita euskarazko kulturgintzaren transmisioan, besteak beste, hezkuntza arautuan». Ardura hori dela eta, ekintzen aurkezpena ikastetxe batean egitea erabaki zuten, «euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea guztion ardura dela aldarrikatzeko».
Sormeneko zuzendari artistikoarekin batera, Rakel Iruarrizaga Elexalde BHIko irakaslea eta Leire Olano eta Ugaitz Fernandez ikasleen ordezkariak, Eguzkibegi ikastolako Isusko Diez, Edurne Espilla Euskara zinegotzia eta Formol Laborategia konpainiako Edurne Azkarate eta Intza Alkain izan ziren prentsaurrekoan.
Rakel Iruarrizaga irakasleak, Barandiaranen hitzen harira, euskal kulturgintza sustatzearen ardura iragarri du. Berak, Sormeneko bultzatzaile eta hezkuntza arautuko hezitzaile gisa, plataforma honek eskaintzen dizkion erremintak eskertzen ditu, euskarazko kulturgintzan iritzia emateko aukera duelako eta «sormen prozesuari garrantzia ematen ikasi» duelako.
Formol Laborategia konpainiako kideak, Edurne Azkarate eta Intza Alkain, Elexalde BHIko Batxilergoko 1. mailako ikasleekin «euren Album antzezlanarekin zerikusia duten edukiak landu zituzten 2021eko Sormenen eta 2022an, beste bi saiotan parte hartu ondoren, Album antzezlana ikustera joango dira» Torrezabal Kultur Etxera maiatzaren 27an. Tailerretan, Album antzelaneko aktoreek eurek egindako ariketak proposatu zituzten, eta batxilergoko ikasleek «nagusiagoek eta gizarteak oro har eurei buruz esaten dituztenak» izan zituzten gogoetagai.
Euskara zinegotziak bere aldetik, «Udalak Sormeneren lan ildoekin eta marko teorikoarekin guztiz bat egiten duela eta euskarazko kulturgintzaren transmisioari aparteko garrantzia eman behar zaiola» gogorarazi zuen. Gainera, Galdakaoko Udala erantzukizuna hartzeko prest dagoela ere azpimarratu zuen.
Aurten, eta hurrengo edizioetara begira, Sormenek bi txanda izango ditu urtero; bat udaberrian eta beste bat udazkenean. Aurtengo udaberriko txandari dagokionez, eskaintza osatzen ari direla eta datozen asteetan iragarriko dutela aipatu dute.
Hala ere, eduki eta emanaldien hurrengo laburpena aurkeztu zuten:
Maiatzak 12, eguena
10:15 eta 12:00. Ikastetxeentzako tailerrak: Antzerkia. Formol Laborategia konpainia.
20:00. Bidaide anzterkia. Metrokoadroka konpainia —Geuretik Sortuak egitasmoarekin elkarlanean—.
Maiatzak 13, barikua
10:15 eta 12:00. Ikastetxeentzako tailerrak: Musika. #Mauriziakezdauinorhil. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador. Kurtzeko karpan.
18:00 – 20:30. Disko berrien aurkezpenak —30 minutuko saioak—. Ahotsenearekin elkarlanean.
21:00. #Mauriziakezdauinorhil ikuskizuna. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador.
Maiatzak 14, zapatua
Kurtzeko plazan eta Gandasegiko aterpean.
11:00 – 14:30. Kultur Sorkuntzen Azoka.
12:00 – 14:00. Liburu berrien aurkezpenak —30 minutuko saioak—. Ahotsenearekin elkarlanean.
17:00 – 20:30. Kultur Sorkuntzen Azoka.
18:00 – 22:00. Disko berrien aurkezpenak —30 minutuko saioak—. Ahotsenearekin elkarlanean.
Maiatzak 15, domeka
Kurtzeko plazan eta Gandasegiko aterpean.
11:00 – 14:30. Kultur Sorkuntzen Azoka.
12:00 – 14:00. Liburu berrien aurkezpenak —30 minutuko saioak—. Ahotsenearekin elkarlanean.
Maiatzak 27, barikua
Torrezabal Kultur Etxean
12:00. Album antzezlana ikasleentzat. Formol Laborategia konpainia.
20:00. Album antzezlana publiko ororentzat. Formol Laborategia konpainia.
Sormenek Ahotsenearekin eta Literaturiarekin elkarlanean antolatu dituen disko eta liburu berrien aurkezpenetan izena emateko epea apirilaren 4an zabaldu zen eta apirilaren 18an itxiko da. Nahi duenak www.ahotsenea.eus webgunera jotzea besterik ez du.
Eta Sormeneren udaberriko ekinaldiarekin hasteko, ikasleei eskainitako lehenengo tailerrean sartu zen Binke: Formol Laborategikoek Elexalde ikastetxean eskainitakoa. Hemen bideoa!