
Bigarren greba partziala egin zuten atzo Galdakaoko Kalamazoo enpresako langileek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA sindikatua
Martxoaren 3an lehen greba partziala egin zuten Galdakaoko Kalamazoo enpresako langileek, «hitzarmen propioa» eskatzeko. Atzo, martxoak 10, ordubeteko bigarren greba egin zuten eta ELA sindikatuaren arabera jarraipena %70tik gorakoa izan zen.
Galdakaoko Itzaga industrialdean kokatuta dagoen Kalamazoo enpresako langileek ordubeteko greba egin zuten martxoaren 3an, «hitzarmen propioa» eskatzeko. ELA eta LAB sindikatuek adierazitakoaren arabera, egun horretako grebaren jarraipena %66koa izan zen.
Atzo, martxoak 10, berriz egin zuten ordubeteko greba eta kasu honetan jarraipena %70tik gorakoa izan zen, ELAren arabera. «Enpresan Hitzarmen Estatala aplikatzen da, eta Enpresa Batzordeak hilabeteak daramatza zuzendaritzarekin negoziatu nahian hitzarmen propio bat. Enpresaren isiltasunaren aurrean, ELA eta LABek osatutako Enpresa Batzordeak bigarren greba eguna deitu du, jarraipen izugarriarekin», adierazi dute sindikatuetatik.
Greba amaitu ondoren eta egoera kontuan izanda, beste bi greba egun deitzea erabaki zuten langileek, martxoaren 17an eta 24an. Kasu honetan grebak bi ordukoak izango dira, 11:30-13:30 tartean.
«Langileak kokoteraino daude hitzarmen estatala izateaz, preakerietatea nonahi baitakar. Langileek tinko eta kemenaz jarraituko dute hitzarmen propio bat izan arte», adierazi dute.