Bihartik aurrera salgai daude Bono Dendak, 10 euro ordainduta 15€ko balioan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: El Tiempo
Bihar, astelehena, 09:00etatik aurrera jarriko dira salgai Bono Dendak Galdakaon eta Usansolon. 10 euro ordainduta 15€ko balioa izango dute atxikitako saltokietan. Hemen batu ditugu bonuak erosteko ordutegiak eta baldintzak.
Tokiko merkataritza sustatzea helburu duen aspaldiko ekimena bueltan da aurten ere Galdakaora eta Usansolora. Bihartik aurrera Bono Dendak jarriko dira salgai, 10€tan txartela erosi eta 15€tan inbertitu ahal izateko.
Bonuak 9:00etan jarriko dira salgai, agortu arte, eta, azken kanpainan bezala, online soilik salduko dira webgunean, salbuespen batekin: 65 urte gorakoak. Hauek erosketa aurrez aurre egiteko aukera ere izango dute Dendari Elkartearen bulegora joan beharko dute urriaren 23, 24, 26 edo 27an, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Usansolon aldiz, Oletxe kaleko 19. zenbakian, urriaren 25ean, 9:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara egongo da aukera hori.
Aurreko kanpainako bonoak ere trukatu ahal izango dira azaroaren 30era bitarte eta gehienez sei bonu erosi ahal izango dira pertsona bakoitzeko.
Hauek dira erabilera baldintzak:
- Bonu bakoitza aldi bakarrean erabili beharko da, eta soilik kanpainari atxikitako saltokietan.
- Erosketaren zenbatekoa bonuaren balioa baino txikiagoa bada, ez da dirurik itzuliko.
- Bonuak ezin dira eskudirutan trukatu.
- Produktua itzultzen bada, erosketaren zenbateko osoko txartela jaulki beharko du establezimenduak, eta ezin izango da eskudirua itzuli.
- Bonuak bateragarriak dira.
Kanpainara atxikitako saltokien zerrenda Gu Dendari Elkartearen bulegoetan edo gudendari.eus webgunean begiratu ahal izango da.