Bilbao Basket eta Baskoniaren artekoa Galdakaon antolatuko da irailaren 21ean
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Euskal Herriko goi-mailako saskibaloi taldeek urtero jokatzen duten Euskal Kopa Galdakaora dator. Ez edozelango taldeekin gainera, ACB Ligako Bilbao Basket eta Baskonia taldeak aurrez aurre izango direlako irailaren 21ean Urreta kiroldegian. Gaur aurkeztu dute norgehiagoka, eta bertan izan da Binke.
Euskal Kopa Euskal Herriko saskibaloi talde onenek denboraldia hasi aurretik jokatzen duten txapelketa da. Emakumezkoen Kopa 2003. urtean hasi zen jokatzen eta gizonezkoena 2011n. Bada, gizonezkoen Bilbao Basket eta Baskonia taldeak elkarren artean lehiatuko dira txapelketa honen baitan Galdakaon, irailaren 21ean 19:30ean Urreta kiroldegian hasita.
«Txapelketa hau goi-mailako partidak jokatzen diren ohiko hiriburuetatik kanpo antolatzen dugu urtero, gazteenei eta estadio handietara joateko ohiturarik ez duten kirolzaleei saskibaloia gerturatzeko asmoz», esan du gaur prentsaurrekoan Luis Maria Sautu Saskibaloiko Euskal Federazioaren presidenteak. Horrela ba, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak ireki duen prentsaurrekoan esan duenez, «ohorea da herri honentzako eta galdakoztarrontzako Euskal Herriko saskibaloi talde onenak Galdakaon izatea». Norgehiagoka hori, Hernandoren berbetan, «Ibaizabal Saskibaloi Taldearen laguntzari esker eta Euskal Federazioaren aukerari esker» antolatu ahal izango da hil honen 21ean.
Komunikabideen aurrean egindako agerraldi horretan, alkateaz eta federazioko presidenteaz gain, Amets Iturbe Kirol zinegotzia eta Gorka Paternina Ibaizabal Saskibaloi Taldeko presidentea ere izan dira —Bilbao Basket eta Baskoniako ordezkariekin batera—. Lehenak esan du «partida honek jende asko mugituko dauala», eta galdakoztarrentzako zein kirolzaleentzako «aukera paregabea» izango dela neurri honetako ikuskizun batez herrian gozatzea, Urretan bertan.
Zinegotziaren adierazpen horiei, bertako taldearen presidenteak gaineratu die «Ibaizabalek txikienekaz egiten dauan lanean oso baliagarria» izango dena norgehiagoka hau, «eredu diran taldeak herrian bertan izango dabezelako». Modu berean, Paterninak ere eskerrak eman dizkie Euskal Kopa hau Galdakaora ekartzea posible egin duten erakunde guztiei.
Horrela ba, irailaren 21eko norgehiagoka horrekin gozatzeko sarrerak bariku honetatik aurrera jarriko dira salgai, aurretik 10€ko oinarrizko prezioan. Hala ere, Iturbek adierazi du mota guztietako sarrerak izango direla salgai, abonatu edota federatuentzako kasu. Hori bai, sarrerak modu presentzialean baino ez dira salduko Urreta kiroldegiko harreran bertan.