Bilboko Zinegoak jaialdiko zazpi film ikusgai izango dira Galdakaon

Argazkia: Zinegoak.

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren ZG Hedapena ekimenera batuko da Galdakao, eta jaialdiko zazpi film ikusgai izango dira Torrezabal Kultur Etxean. Ekainaren 16 eta 17an eskainiko dira, eta hemen batu ditugu bakoitzaren xehetasunak.

Aurten ere Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren ZG Hedapena egitasmoarekin bat egingo du Galdakaok. Horren bitartez, sei film labur eta luze bat eskainiko dira Torrezabal Kultur Etxean.

«Aurtengo programazioak identitatearen bilaketa, familia harremanak, genero aniztasuna eta pertsonen askatasuna bezalako gaiak jorratuko ditu, jatorri eta errealitate desberdinetako istorioen bidez. Horrela, hausnarketarako eta elkarrizketarako tresna bihurtzen da zinema, ikuspegi eta bizipen anitzak ezagutaraziz eta gizarte inklusiboago baten aldeko balioak sustatuz», azaldu du Galdakaoko Udalak.

Proiekzio guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin, ikusle guztien ulermena errazteko. ZG Hedapena 2026ko programa osoa hurrengoa da.

Ekainak 16, martitzena, 19:00etan:

  • The Wind in Ash (Kun Sun, Txina, 2025, 18 minutu): Queer neska bat bere jaioterrira itzuliko da, hileta batera joateko asmoz. Han, autoezagutzarako bidaia bat biziko du, eta amari buruz daukan pertzepzioa aldatuko zaio.
  • Delay (Wang Han-Xuan, Txina–AEB, 2025, 15 minutu): Txinako aita gay bat bere seme heterosexualaren ezkontzara joaten saiatuko da, Parisen, baina haren bidaia atzeratu egingo da ustekabean.
  • Ferides (Alba Cros Pellisé, Katalunia, 2025, 18 minutu): Birsortze bat gauaren erdian, Saóren eta Julianaren lehen topaketaren bitartez. Zaurgarritasuna eta sedukzioa elkarrekin nahasiz, bide emango diote etorkizun esperantzagarri bati.
  • This Feminine Side (Alice Siniscalchi, Portugal, 2025, 7 minutu): Feminitatea, Lisboako queer ahotsek eta multimedia arteak definitua eta berrasmatua.
  • Seuls les poissons morts suivent le courant (Christophe Gomes, Frantzia, 10 minutu): Camillek sei urte ditu, eta, mutiko jaio zen arren, neskato sentitzen da. Inauterietan, printzesaz mozorrotuta joango da eskolara, nahiz ez duten neskato gisa errekonozitu nahi. Zuzendariak Camilleren amari deituko dio, azken konfrontazio baterako.
  • Ultramarino (Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti, Euskal Herria, 2025, 18 minutu): Herriko jaiak dira, eta Zazu, nerabezaroaren atarian bere nortasunaren bila dabilena, bidegurutze batean dago: aukeratu egin beharko du edo tradizioz zehaztutako rola bete edo bere sentimenduek agintzen diotenari jarraitu.

Ekainak 17, eguaztena, 19:00etan:

  • Avenida Beira-Mar (Bernardo Florim eta Maju de Paiva, Brasil, 2024, 85 min): Neguan, Piratininga hondartza hutsik dago. 13 urteko Rebeca hara bizitzera joan berri da, eta zigortuta dago. Kalea horma gainetik besterik ez du ikusten. Egun batean, Rebecak Mika ikusi du, neska trans bat, itsaso zabalean igeri. Mundu berri bat zabaldu zaio Rebecari.

situs togel

situs toto