Bilbotik Galdakaorako bidegorriaren aldeko XXVI. martxa bihar izango da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Biziz Bizi elkartea
Bihar, martxoak 23, Biziz Bizi elkarteak Bidegorria Galdakaora Orain martxaren XXVI. edizioa antolatuko du. Ibilbidea 11:00etan hasiko da Bilboko Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinetik eta Bilbo eta Galdakao batzen dituen bidegorria eskatuko dute.
Biziz Bizi elkarteak jarraitzen du Bilbo eta Galdakao arteko bidegorria eskatzen. Horretarako, hilabeteko azken barikuetan herri biak batzen dituen martxa antolatzen du eta martxoan hitzordu honen 26. edizioa izango da.
Kasu honetan ez da hileko azken barikuan antolatuko Aste Santua ekiditzeko eta horregatik bihar, martxoak 23, izango da. Ibilbidea 11:00etan hasiko da Bilboko Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinetik.
«Lortu dugu Boluetatik Basaurirako lanak hastea eta Basauritik Galdakaorako proieku baten promesa egitea 2024rako. Bada garaia udalek (Basauri, Etxebarri, Galdakao) Aldundiarekin ibilbideak, epeak eta abar inplikatu eta negoziatzeko. Mugikortasun iraunkorraren garaia da, planetak behar du eta», aldarrikatu du Biziz Bizi elkarteak, zapatuan martxan parte hartzera animatuz.