Neuretik
Irati Bediaga Rementeria
BINKE / 2020ko azaroa

Birusetik harago, hezkuntzan kateak

Koronabirusaren beldurra dela eta, hezkuntzan inoiz baino arau gehiago agertzen ari dira. Baina kontziente garen heinean hauek gainditzeko baliabideak ere bilatzen ditugu. Zer gertatzen da ordea urteetan zehar inkontzienteki edo itsututa agian eskoletan sortu ditugun arrakalekin? Arrakalak psikomotrizitatea, norbera bere gorputzaren eta mugimenduen ezagutzan, haur hezkuntzara mugatzen dugunean. Sei urterekin nagusiegiak gara antza gorputz atalak sentitzeko eta sentitu gabe, hauek ikasten hasten gara. 

Arrakalak, Gorputz Hezkuntzari, «gimnasia» deitzen diogunean eta astean bi ordutara mugatzen dugunean. Onenean eta oraindik ume bagara bi ordu jolasten —eta jolasarekin ikasten—. Txarrenean, nerabezarora heldu garenez, gure gorputzaren balioa potroa saltatzearen bidez edo pistari hamar buelta ematearen bidez neurtzen. 

Arrakalak, Arte Hezkuntzaren mundu zabala «plastika»-ra txikitzen dugunean, astean pare bat ordutara. Eta tenperak eta buztina egun berezietarako bakarrik, ez dadila gela lar zikindu. Paraleloak egiten eta konpasaren erabileran bikain, baina Frida Kahlo nor izan zen jakin gabe. 

Arrakalak, antzerkigintza eskolaz kanpoko ekintza soila izatera kondenatzen dugunean. Dramatizazioaren bidez mozorroak jantzi norbere barne mundua eransteko. Baina gizarte honek mozorroak bakarrik maite ditu, barne munduak erakustearen beldur da.

Beraz, garai hauetan agian kateak inoiz baino pisutsuagoak badira ere, hezkuntza arautuan —arautuegian— betidanik egon gara kateatuta. Hasiko ahal gara noizbait arrakaletan jolasari, mugimenduari, sormenari, emozioei… hegalak emango dizkien haziak ereiten?