Aurten ere herritarrek aukeratuko dute Santakurtzetako pregoilaria, eta prozesua gaur hasi da. Ekainaren 14ra bitarte zabalik dago hautagaiak proposatzeko epea, eta hemen batu dugu proposamenak egiteko jakin beharrekoa.
Gaur, ekainak 8, abiatu da 2026ko Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko prozesu parte-hartzailea. Ekainaren 14ra bitarte, galdakoztarrek aukera izango dute jaiei hasiera emango dien pertsona, elkarte edo kolektiboa proposatzeko.
Hautagaitzak herritarren udal parte hartze plataformaren bidez aurkeztu ahal izango dira, baita Torrezabal Kultur Etxean, Urreta kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarriko diren hautetsontzietan ere. Pertsona bakoitzak hautagai bakarra proposatu ahal izango du.
Behin proposamenak jasota, Udaleko Kultura eta Berdintasun arloek hautagaitzak aztertuko dituzte, ezarritako irizpideak betetzen direla bermatzeko. Ondoren, onartutako hautagaien zerrenda argitaratuko da, eta herritarrek ekainaren 22tik 30era bitartean izango dute euren botoa emateko aukera, proposamenak aurkezteko erabilitako bide berberen bidez.
Pregoilariarekin batera, txupineroa izango den pertsona ere aukeratuko da datozen asteetan. Jai Batzordeak egingo du aukeraketa, aurreko Santakurtzetan parte hartu duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten kuadrillen artean zozketa eginez.
Generoari dagokionez, pregoilaria gizonezkoa bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak emakumezko txupineroa proposatuko du, eta emakumezkoa bada, gizonezko txupineroa. Era berean, pregoilaria ez binarioa bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak txupineroa nahi duen generoko pertsona proposatuko du.




