Bizkaiko hiru gazte-trukaketa Galdakaon batu ziren barikuan
Aisialdia
BINKE / 2022ko uztaila
Bizkaiko hiru gazte-trukaketa Galdakaon batu ziren barikuan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Kiribil Sarea
Galdakaoko, Etxebarriko eta Getxoko aisialdi taldeek Poloniako, Italiako eta Siziliako gazteen taldeekin trukeak antolatu dituzte, eta lehenengo hamabostaldian Bizkaian direnez guztiak, elkarrekin egunpasa antolatu dute Galdakaon ehundik gora gaztek.
Ekainaren 13an aurreratu zuen Binkek Galdakaoren eta Poloniako Kielce herriaren arteko gazte-trukea antolatu zuela uztailerako Argi Eskaut Talde galdakoztarrak. Bada, trukaketa hori eta Bizkaian egin behar dituzten beste bi une honetan gure lurraldean elkarrekin egiten ari direla aprobetxatuta, barikuan Galdakaon batu ziren denak.
Galdakoztarrek Poloniarekin, etxebarritarrek Italiakoekin eta getxoztarrek Siziliakoekin egin behar dituzte trukeak Argizai, Harribide eta Aisibizia elkarteen eskutik, hurrenez hurren. Baina hiru trukaketek Bizkaian egiten dute bat lehenengo hamabostaldian. Eta horregatik hemengo eta hango gazteak Galdakaon batu dituzte bariku honetan.
Goizeko hamaiketan ekitaldi instituzionala egin dute Gandasegi eskolako areto nagusian —Eusko Jaurlaritzako eta aipatutako hiru herri bizkaitarretako Udalen ordezkaritzarekin—, eta ostean herrialde parte-hartzaile guztien aurkezpena egin ostean elkarrekin bazkaldu dute. Arratsaldean berriz «Hi selfie ginkana» eta talo tailerraz gozatu ahal izan zuten gazteek.