‘Bizkarsoro’ pelikula eskainiko da Maximo Moreno Musika Eskolan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kulturklik
Donostiako Zinemaldian aurkeztu ostean, herriz herriko bideari ekin zion urtarrilean Josu Martinezen ‘Bizkarsoro’ filmak. Martxoaren 14an eta 17an Galdakaon ikusi ahal izango da, Maximo Moreno Musika Eskolan.
Iparraldeko fikziozko herri batean kokatuta dagoen ‘Bizkarsoro’ filma estreinatu zen Donostiako Zinemaldian irailean eta horren ostean Josu Martinezek zuzendutako lana herriz herriko bideari ekin zion urtarrilean.
Gasteizen, Baionan, Urruñan, Diman eta beste hainbat herritan eskaini dute honezkero eta Galdakaon ikusteko aukera ere izango da, Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan. Martxoaren 14an eta 17an antolatuko dira ‘Bizkarsoro’ ikusteko saioak Maximo Moreno Musika Eskolan, 10:00etan eta 16:00etan hurrenez hurren.
Filmak XX. mendean, eta euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide eta fikziozkoa izan arren, benetako istorioak azaltzen ditu Martinezek lanean.