Biztanle kopurua jaitsi zen Galdakaon 2022an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EFE
Biztanle kopurua igo zen EAEn eta Bizkaian 2022n. Galdakaon ordea, kopurua murriztu zen eta 104 biztanle gutxiago zeuden iaz aurreko urtearekin alderatuz. Albiste honetan batu ditugu herriaren biztanleriari buruzko datu gehiago.
Iazko biztaleen udal-estatistika argitaratu zuen Euskal Estatistika Erakundeak ekainean eta txosten honen arabera 5.096 biztanle gehiago zeuden EAEn 2022an. Bizkaia mailan ere kopuruak gora egin zuen, 2.198 biztanletan zehazki.
Galdakaok ordea biztanleak galdu zituen iaz aurreko urtearekin alderatuz, oso kopuru txikian bada ere. Zehazki, 29.429 biztanle zituen herriak 2021ean eta 29.325 2022an. Jaitsiera %0,003koa da. Eustatek Usansoloko datuak batzen ditu ere kopuru honen barnean, izan ere, ez du oraindik udalerri moduan kontuan hartzen.
Iazko datuei dagokienez, Galdakaoko biztanleria osoaren gehiengoa 20 eta 64 urte artekoa zen, %59,7. 65 urte baino gorakoak aldiz %23,5 ziren eta gainontzekoa, %16,8, 19 urte artekoak.
Galdakaon bizi diren atzerritar kopurua ere argitaratu du Eustatek. Kopuru osoaren %6,4 ziren herrian, Bizkaiko (%8,4) eta EAEko (%8,5) datuen behetik.