Boga garagardoaren ekoizpen-prozesua ezagutzeko saioa antolatu zuten Berbalagunek Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Hego Uribeko Berbalagunak
Hego Uribeko Berbalagunek Boga garagardoaren inguruko hitzaldia eta dastaketa antolatu zituzten pasa den astelehenean, ekainak 12, Gandasegin. Hogeita bost pertsona inguru batu ziren saioan eta garagardoa nola egiten den ezagutzeko aukera izan zuten, Bogako bi kideren eskutik.
Euskararen erabilera aisialdian sustatzeko, hainbat ekintza martxan jartzen dituzte Hego Uribeko Berbalagunek urtean zehar. Pasa den astelehenea esaterako, ekainak 12, Boga garagardoaren inguruko hitzaldia eta dastaketa antolatu zituzten Gandasegin.
Hogeita bost pertsona inguru batu ziren saioan eta Bogako Gorka eta Urtziren eskutik garagardoa nola egiten den ezagutzeko aukera izan zuten. Halaber, bost garagardo dastatu ahal izan zituzten.
Saioa oinarrizko kontzeptuekin hasi zen. Lupulua, garagarra eta kafe aleak ikusi zituzten eta ekoizpen-prozesua azaldu zieten Gorka eta Urtzik parte-hartzaileei. Ondoren, garagardo bakoitza dastatu aurretik, kolorea eta usainari erreparatzeko eskatu zieten, eta mota bakoitzak zer iradokitzen zien adierazi zuten.
«Parte hartzea izan da, zalantzarik gabe, hitzalditik denok hain pozik atera izanaren beste arrazoietako bat. Hizlariek galdetu gabe ere, jendeak naturaltasunez egin ditu galderak eta ekarpenak, eta Gorkak eta Urtzik atsegin handiz erantzun dituzte», azaldu zuten Hego Uribeko Berbalagunek saioaren ostean.