Boliñak eta Atzekoz Aurrera kuadrilek irabazi zuten mozorro lehiaketa
Inauteriak
BINKE / 2022ko otsaila
Boliñak eta Atzekoz Aurrera kuadrilek irabazi zuten mozorro lehiaketa
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Zizpa Gazte Konpartsa
Inauteri galdakoztarretako egitarauean «gazteen arteko giro ezin hobea» sortu zen mozorro lehiaketan, Zizpa Gazte Konpartsaren arabera. Guztira 18 kuadrilak hartu zuten parte eta sari nagusiak Boliñak eta Atzekoz Aurrera kuadrilek irabazi zituzten. Bertan Behera kuadrilak berriz mozorro txarrenaren «domina» eraman zuen.
Esperotakoa baino balorazio hobea» egin dute Zizpa Gazte Konpartsa galdakoztarreko kideek aurtengo inauteriek eman dutenaz. Horrela kontatu dio Zizpako kide batek Binkeri: «Barre piloa egin genduan, eguraldia be lagun izan genduan eta giro ezin hobea sortu zan gazte guztion artean».
Zapatuko egitarauan izan zuen Zizpak bere lekua, arratsaldeko lehenengo orduan mozorro lehiaketa antolatuz eta iluntzean elektrotxarangarekin kalejira. Azken honetan, «hasieran jende askorik egon ez bazan be, berehala batu zan jende piloa elektrotxarangara», aitortu du Zizpak, «eta kuadrila askoren arteko giro zoragarria egon zan denbora guztian».
Mozorro lehiaketak berriz, sariak izan zituen tarteko. Aurkeztutako 18 kuadrilen artean hiru sari banatu zituzten: onenaren saria, barregarrienaren saria eta txarrenaren saria.
Onenaren saria Boliñak taldeak irabazi zuen, barregarrienaren saria Atzekoz Aurrera kuadrilak eta txarrenaren saria Bertan Beherak. Lehenengoak pelikuletako billanoz mozorrotu ziren, bigarrenak 101 dalmatez —Kruela barne— eta Bertan Beherakoak «Los padrinos mágicos» eta bere lapurrez —marrazki bizidunen saiakera egin zuten—.
Talde onenak eta barregarrienak 100€ko bono bana irabazi zuten, Galdakaoko Dendari Elkarteko saltokietan inbertitzeko, eta mozorrorik txarrenak 40€ko saria. Epaimahaia zortzi kidek osatu zuten eta mozorroen lanketa, talde osoaren maila zein kide guztien arteko koordinazioa, eta taldeko kideen jarrera ona zein barre egiteko gogoa baloratu zituzten.