Bueltan dira udalekuak, eta gaur ireki da bertan izena emateko epea
Aisialdia
BINKE / 2021eko apirila
Bueltan dira udalekuak, eta gaur ireki da bertan izena emateko epea
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bueltan dira udalekuak eta gaurtik apirilaren 27ra bitarte egongo da izena emateko epea zabalik, 4 eta 11 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako. Gehienez 550 plaza eskainiko dira eta hemen batu ditugun bost berrikuntza ekarriko ditu aurtengo programak.
Iaz ezin izan zituzten udalekuak antolatu, pandemiaren ondorio, baina aurten «segurtasun neurriak %100ean bermatuko dituan» udalekuak berriro antolatuko ditu Galdakaoko Udalak, uztailaren 5etik 30era bitarte. Izen-ematea gaur ireki da eta apirilaren 27ra arte egongo da zabalik. Hala iragarri dute gaur prentsaurrean Miren Atutxa udal-teknikariak eta Edurne Espilla hizkuntza normalizaziorako zinegotziak.
«Pozik gatoz aurten udalekuak antolatu ahal izango doguzala esatera, gure gazteek merezi dabelako» esanez hasi du agerraldia udaletxeko areto nagusian Espillak, eta gaineratu «neurri zorrotz eta arrotzez betetako ikasturtea» bizitzen ari direlako merezi dutela udalekuak izatea.
Aisialdirako programa hau 4 eta 11 urte bitartekoentzako izango da —2010 eta 2017 urteen bitartean jaiotakoak, horiek barne—, eta lehentasuna udalerrian erroldatutakoek izango dute. Gehienez 550 plaza eskainiko dira aurten, eta izen-ematea online baino ezin izango da egin —horretan laguntza behar duten familiek Udalaren Euskara Arloan egin dezakete, 944010540 telefonora deituta—. Jende gehiagok emango balu izena, zozketa maiatzaren 14an egingo litzateke, 17:30ean udaletxeko udalbatza aretoan. Ekitaldia publikoa izango da.
Berrikuntzez betetako udalekuak izango dira gainera, eta berrikuntza horiei behar bezala aurre egiteko monitoreek formakuntza jasoko dutela iragarri dute —bertan lan egin gura duen gazteak beharsarea.eus webgunean egin dezake—.
Horrela ba, hauek izango dira berrikuntza horiek:
- Hiru txanda izango dira aukeran.
- Lehenengo hamabostaldia: uztailak 5-16.
- Bigarren hamabostaldia: uztailak 19-30.
- Hilabete osoa: uztailak 5-30.
- Ordutegi zabalagoa egongo da, 08:30etik 14:30etara.
- Ekintzak 09:30-13:30 bitartekoak izango dira.
- Harrera-ordutegia egongo da, hala eskatzen duenarentzat: 08:30-09:30 bitarte eta 13:30-14:30 artean. Zerbitzu honegatik ez da apartekorik ordaindu beharko.
- Jantoki zerbitzua eskainiko da, eskatzen duenarentzat.
- Horretarako gehigarri bat ordaindu beharko da.
- Zerbitzu honek kontutan hartuko ditu erlijio sinismenak, elikagaiekiko intolerantziak, begetariano edo begano izateak…
- Udaleku inklusiboak eta euskaldunak izango dira.
- Inklusiboak desgaitasuna duten pertsonentzat, genero indarkeriaren biktima direnentzat edo bazterketa soziala sufritzen ari direnentzako tokia erreserbatuko delako —%5—.
- Inklusiboak ere, aurreko arrazoiren bategatik izen-ematearen tarifak ordaindu ezin dutenentzako, %30 eta %85 arteko hobariak izango dituztelako.
- Eta euskaldunak, euskara hutsean izango direlako.
- Seguruak izango dira, %100ean.
- Lehen hiru eskolek hartzen zituzten udalekuak. Aurten lau eskola izango dira udalekuetarako egoitza, pilaketak saihesteko: Usansolo, Aperribai, Gandasegi eta Urreta.
Galdakaoko Udalak gune berezia eskaini dio udalekuei, eta taula hauek ere argitaratu ditu bertan, txandak, guneak eta prezioak zehaztuta, besteak beste: