Dendarik ez dagoen auzoetan saltokiak zabaltzeko dirulaguntzak eskainiko ditu Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udalak
Galdakaoko Udalak herriko merkataritza «indartzeko» neurriak jarriko ditu martxan. Besteak beste, dendarik ez dagoen auzoetan oinarrizko saltokiak zabaltzeko dirulaguntzak eskainiko ditu.
Irailaren 26an egindako osoko bilkuran herriko merkataritza txikia sustatzeko dirulaguntza berriak ematea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak. Hauek aurkeztu zituen duela egun batzuk Galdakaoko Udalak, merkataritza «indartzeko» neurriak direla azpimarratuz.
Iñigo Hernando alkateak«plangintza integral» baten barruan kokatu zituen neurriak eta auzoetan oinarrizko beharrak asetzea helburuetako bat dela adierazi zuen. Halaber, herria prestatuta egoteko plangintzaren zati bat dela nabarmendu zuen: «Ohiturak, bizitzeko moduak eta mugikortasun joerak aldatzen ari direla kontuan hartuta eta urte batzuk barru Metroa ere iritsiko zaigula kontuan hartuta, bertoko merkataritza sarea indartu behar dugu, prest izan behar dugu».
Monika Bailon Sustapen Ekonomikorako zinegotziak ildo berean aritu zen eta «etorkizunera begira» ari direla azpimarratu zuen, Metroak ekarriko dituen aukerak baliatzeko herria prestatzeko eta baita «hizkuntza paisaia euskalduntzeko» ere.
Irekitze eta egokitze horietarako 82.000 euro banatuko dira lehen deialdian eta hauek dira dirulaguntzen ezaugarri nagusiak:
1. Dendarik ez dagoen auzoetan komertzioak zabaltzeko dirulaguntzak:
- Aperribai, Zuatzaurre, Tximelarre, Bengoetxe, Olabarrieta eta Urtebietan oinarrizko beharrak aseko dituzten auzoko dendak irekitzeko
- Denda txikiei bideratua: autonomo gisa ari direnentzat edo 5 langile baino gutxiago dituzten enpresentzat.
- Alokairuak ordaintzeko edo merkatal jarduerarako beharrezko inbertsioak egitek:
– Alokairua: alokairuaren %50 ordaintzeko.Hilean gehienez 291,67 euroko laguntzak.24 hilabete, gehienez
– Inbertsioa: inbertsioaren %50 ordaintzeko.Gehienez, 3.000 euro. Zenbatekoa 3.300 eurokoa izan liteke, kasu hauetan: merkatal elkarte bateko kide izatea, irisgarritasun lanak egitea edo energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak izatea
2. Komertzio guneetan dendak berritu, modernizatu eta hobetzeko dirulaguntzak:
- Erdigunean eta Urretan
- Dendak berritzeko, irisgarritasuna hobetzeko, modernizatzeko eta erakargarriago egiteko
- Denda txikiei bideratua: autonomo gisa ari direnentzat edo 5 langile baino gutxiago dituzten enpresentzat
- Inbertsioa: inbertsioaren %50 ordaintzeko.Gehienez, 3.000 euro. Zenbatekoa 3.300 eurokoa izan liteke, kasu hauetan: merkatal elkarte bateko kide izatea, irisgarritasun lanak egitea edo energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak izatea
3. Paisaia linguistikoa euskalduntzeko dirulaguntzak:
- Irudi korporatiboa, errotuluak, publizitatea edo web orriak euskalduntzeko
– Euskara hutsezkoetan gastuaren %50 ordainduko da, gehienez 350 euro
– Euskaraz eta gaztelaniaz egindakoetan, gastuaren %30 ordainduko da, gehienez, 175 euro - Denda txikiei bideratua: autonomo gisa ari direnentzat edo 5 langile baino gutxiago dituzten enpresentzat
Galdakaoko Udalak dirulaguntza hauek urte amaiera alderako erabilgarri izatea aurreikusi du.