Lurraldetasuna
BINKE / 2021eko urria

Desanexio Eguna ospatuko du Usansolok urriaren 23an

TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansoloren segregazioaz erabakia hartzen duten bitartean, «desanexio sentimendua itzalita ez dagoala» aldarrikatzeko eguna antolatu du Usansolo Herriak datorren urriaren 23rako.

Usansoloren segregazio prozesua Bizkaiko Batzar Nagusien «teilatuan» dagoela iragarri zuen Monika Mena Usansolo Herria plataformako bozeramaileak, uztailaren 30ean Bizkaiko Herritarren Batzordetik irten berritan zela Agustin Aizpuru eta Jabi Aurrekin batera.

Prentsaurreko horretan, UHko kideak pozik agertu ziren, 30 urte baino gehiagoko prozesua azaldu eta alderdiei babesa eskatzera joan ziralako. Eskatu eta jaso egin zuten babes hori, Menak azaldu zuen bezala: «Alderdi guztien babesa jaso dogu, ahoz, eta orain Batzar Nagusietan Usansoloren segregazioa bozkatzen danean euren baiezkoa espero dogu».

Hiru hilabeteko epea dute Bizkaiko Batzar Nagusiek segregazioaren aldeko edo kontrako iritzi bat aurkezteko. Eta bien bitartean, «herria lo ez dagoala gogorarazteko» Desanexio Eguna antolatu gura dute UH-koek, mezu argi batekin: «Batzorde Mistoaren memoriak udalerri izateko baldintza guztiak betetzen doguzala aipatzen dauan legez, Bizkaiko Foru Aldundiak gure prozesurako beren-beregi egindako Foru Araua aitzakia barik errespetatzea eskatzen deutsagu».

Horrela ba, datorren urriaren 23an Desanexio Eguna antolatu dute Usansolo Herriakoek. Aldarrikapen egun honek jai kutsua izango du, «baina pisu politikoa be ez dau faltako», adierazi dio Menak Binkeri.

Hamaiketan harrera eta hamaiketakoa egingo dute Unkina plaza, ostean kalejira egingo dute kalez kale eta 12:00etarako ekitaldia antolatuko dute. Ekitaldi honetan desanexioa edo segregazioa eskuratu zuten herri batzuetako ordezkariak egongo dira, hala nola, Bolibarko, Iurretako, Igeldoko edo Erandioko kideak. Gure Esku plataformaren presentzia ere bertan izango direla aurreratu dio Menak aldizkari honi.

Eta poteorako tartearen ostean, herri bazkaria ere egingo dute. «Musika eta giro ona ez dira faltako egun osoan zehar», azaldu diote UHko kideek Binkeri. Guzti honekin, Usansolo Herrriak «datorren urriaren 23an Desanexio Egunean parte hartzera eta herriko kaleak betetzera» animatu gura ditu herritarrak.

Albiste honekin lotuta…