Dinamitak 47 langile kaleratu gura dituela salatu dute sindikatuek
Ekonomia
BINKE / 2022ko otsaila
Dinamitak 47 langile kaleratu gura dituela salatu dute sindikatuek
ARGAZKIA: Maxam
TESTUA: Jon Gomez Garai
Zuhatzuko Maxam lehergaien lantegiko enpresa-batzordeak greba mugagabea deitu du datorren eguaztenetik aurrera, eta «orain inoiz baino sinistuago» daudela diote sindikatuek, zuzendaritzak 47 langile kaleratu gura dituela salatuz. Zuzendaritzarekin ere hitz egiten saiatu da Binke.
Zuhatzuko enpresa historikoak kirol-kartutxoen lantegia ixteko erabakia hartu zuenetik hainbat izan dira honen bueltan sortu diren berriak. Euretariko asko gainera, azken asteotan. Azkena eguenean, otsailaren 10ean, sindikatuek zuzendaritzaren ustezko erabaki baten berri eman zutenean.
Maxameko enpresa-batzordeak ohar bidez «zuzendaritzak 47 langile arteko kaleratzeak» egin gura dituela iragarri zuen pasa den eguenean, hilaren 10arekin. Horrela ba, «20-25 pertsonen lanpostua bakarrik mantendu» gura omen dute, sindikatu guztien arabera.
Zuzendaritzak negoziatzeko asmo barik jarraitzen duela diote sindikatuek, eta langileekin «informatzeko baino ez» direla batzen adierazi. Azken bileran, esaterako, Maxameko zuzendaritzatik hiru puntu hauek azaldu zizkietela salatu dute:
- Lantegiaren desegitea sei hilabetetan egingo dute.
- Gehienez 25 langilerentzako lekua ziurtatzen dute, eta ez dute soldatarik, kategoriarik ezta lanposturik ere bermatzen.
- «Txarto deitutako langile ebentualen» egonkortasuna ez dute bermatzen.
Horregatik, otsailaren 8an Binkek iragarri bezala, «oraindik sinistuago ekingo deutsagu otsailaren 16tik aurrerako greba mugagabeari», esan dute enpresa-batzordeko kideek, «hemen inor ez dagoalako soberan».
Binke Maxameko zuzendaritzarekin harremanetan jarri da baina ez dute erantzunik eman gura izan.