EAJk Galdakaoko familia ugariei OHZn hobariak ezartzea eskatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binkeren artxibotik
Bizkaiko Foru Aldundiak Udalen eskuetan utzi zuen Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan familia ugariei hobariak ezartzeko aukera. Galdakaon neurri hau hartzea eskatu dio EAJk Udal Gobernuari eta horretarako mozio bat aurkeztu du, atzo onartu zena udal osoko bilkuran.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan familia ugariei hobariak ezartzea onartu zuten uztailean. Aukera Udalen eskuetan utzi zuten, bakoitzak bere ordenantza fiskaletan erabaki ahal duela laguntza hori ematea eta horren kopurua.
Galdakaon neurri hau aplikatzea eskatu dio EAJk Udal Gobernuari eta horretarako mozio bat aurkeztu du, atzo onartu zena udal osoko bilkuran. Testuak Udal Gobernuak egindako proposamena batzen du eta PSEk egindakoaren zati bat ere. Oinarritzat familia-errenten araberako progresibitatea hartzen du.
Neurria 2023ko urrian onartuko den ordenantza fiskalean barneratuko da eta 2024ko urtarrilaren 1ean indarrean egongo da.
Beste hainbat gai uztartu ziren atzoko osoko bilkuran, aurtengo azkena. Besteak beste, suziri, bolandera eta suak arautzea, herriko kultur ondarearen katalogoa berritzea eta Eguzkibegi Ikastolari obren gaineko zergaren hobaria ezartzea onartu zen.