EAJk kriminalitatearen hazkundea aztertzea eskatu dio Galdakaoko Udalari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ-PNV
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, Galdakao da kriminalitatearen hazkunderik handiena izan duen Bizkaiko udalerria. Hau «geldiarazi eta neurriak ezartzeko» helburuz, azterketa-mahaia sortzea eskatu dio Galdakaoko EAJ-PNVk Udalari. Jeltzaleen esanetan, «oso kezkagarria da gobernu taldeak Galdakaoko herritarrei zuzenean eragiten dien gai baten inguruan duen isiltasuna».
Espainiako Barne Ministerioak urteko azken hirulekora arteko Kriminalitate-Balantzea argitaratu zuen eta honen arabera Galdakao izan zen kriminalitatearen hazkunderik handiena izan zuen Bizkaiko udalerria epe honetan.
Urtarriletik irailera 1.021 arau-hauste penal zenbatu ziren Galdakaon. 2022ko aldi berean aldiz 889 erregistratu ziren, hau da, % 14,8 igo zen kriminalitatea, BINKEk jaso zuen moduan.
Galdakaoko EAJ-PNVk azaldu du datu hauek ezagutu ostean «herritarren segurtasuneko zinegotziari informazio-batzordean agertzea» eskatu ziola eta hainbat galdera egin zizkiola, «gaur egun erantzun ez direnak».
Ainhoa Agirregoikoa Galdakaoko jeltzaleen bozeramailearen hitzetan, «oso kezkagarria da gobernu-taldeak Galdakaoko herritarrei zuzenean eragiten dien gai baten inguruan duen isiltasuna, eta are kezkagarriagoa galdakoztarren segurtasuna argi eta garbi arriskuan dagoen egoera horien aurrean duen arduragabekeria».
«Horregatik, beste behin ere eskatzen dugu gai honen eta beste batzuen aurrean gardentasunez eta informazioz jokatzea, beharrezkoak diren jarduera eta neurrietan lan egiteko eta gu babestuko gaituzten irtenbideak eskaintzeko», nabarmendu du Agirregoikoak.