EGITARAUA | Galdakaoko XXXI. Musika Astean sei ikuskizun eskainiko dira eguenera bitarte
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Artisten sareetatik
Gaur hasiko da Galdakaoko Musika Astearen hogeita hamaikagarren edizioa, azken urteetan ohi den bezala, 13:00ean Da Capo Musika Bandaren kontzertuarekin. Ostean, eguenera bitarte, egunero 19:30ean hainbat ikuskizun eder eskainiko da Torrezabal Kultur Etxean. Ezagutu eskaintza!
Gaur, domeka azaroak 20, hasita eta datorren eguenera bitarte Galdakaok bere Musika Astearen 31. edizioa antolatuko du. Horretarako sei ikuskizun antolatu ditu Maximo Moreno Musika Eskolak, gehienak Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian eskainiko direnak.
Santa Zezilia musikarien egunaren bueltan antolatu ohi den Musika Astea Galdakaoko Da Capo Musika Bandak irekiko du beste urte batez, gaur bertan, domeka. Gainera, herriko taldeak nabarmentzen hasita, Ad Libitum txistulari taldeak Santa Zezilia egunean bertan kalejira eskainiko du Torrezabaleko saioa hasi aurretik.
Hauek dira, egunez egun, Galdakaoko XXXI. Musika Asteak ekarriko dituen saioak:
- Azaroak 20, domeka
Galdakaoko Da Capo Musika Bandak «Soinuak senidetzen» kontzertua eskainiko du Sociedad Musical Unión de Pescadores bandarekin, 13:00etik aurrera. - Azaroak 21, astelehena
Arteus Oskestrak Vivaldiren «Las cuatro estaciones» eta Piazzolaren «Cuatro estaciones porteñas» erakutsiko ditu biolinaz, biolaz, biolontxeloz eta kontrabaxuz lagunduta, 19:30ean. - Azaroak 22, martitzena
Musikarien Eguna dela eta, Galdakaoko Ad Libitum txistulari bandak kalejira egingo du herritik 19:00etan hasita eta ondoren, 19:30ean, Joshua Edelmanek eta Xabi Arakamak «Traditions & Tradizioak» jazz-folk kontzertua eskainiko dute. - Azaroak 23, eguaztena
Zornotzako Zubiaur Musika Eskolako Zik Gazte koruak emanaldia egingo du 19:30ean. - Azaroak 24, eguena
«Swing for kids» kontzertu familiarra izango da ikusgai, kontrabaxuz, bateriaz, saxofoiz, tronpetaz, pianoz, tronboiz, gitarraz eta ahotsez lagunduta, 19:30ean.
Musika Eskolako ikasleentzat doakoak dira kontzertu guztietarako sarrerak eta dagoeneko banatu dituzte eskolan bertan. Gainontzekoek, Torrezabaleko leihatilan zein online hartu ahalko dituzte sarrerak. Emanaldietarako sarrerak hiru euro ordaindu beharko dira —Torrezabaleko bazkideek, langabetuek, nagusiek, elkarteek eta Gazte Txartela dutenek %25eko deskontua izango dute leihatilan—.