EGITARAUA | Torrezabaleko ikuskizunak kalera irtengo dira apirilean
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Torrezabaleko areto nagusia hobetzeko obrek aurrera jarraitzen dute baina programazioak ez du etenik izango. Apirilean kalera irtengo dira ikuskizunak eta guztira 18 saio eskainiko ditu Galdakaoko Udalak herriko txokoetan zehar. Hemen batu dugu hurrengo asteetako egitarau osoa.
Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia aldatu eta «aro berrietara modaltzeko» beharra ikusi zuen Galdakaoko Udalak eta horretarako obrak egiten ari dira. Urtarrilean hasi zituzten eta bitartean Torrezabaleko erakusketa gelak hartu du kultur programazioa aurreko hilabeteetan.
Apirilean aldiz, kalera irtengo dira ikuskizunak, Edurne Espilla Kultura zinegotziak eta Katrin Schlegel Torrezabaleko programatzaileak gaur bertan egindako agerraldian azaldu dutenez.
«Kaleak konkistatzeko unea heldu da, Torrezabal herritarrengana hurbiltzeko momentua», adierazi du Espillak. «Aurretik gertatu den moduan, aro berri honetan herritarrak kalean bidelagun izatea espero dugu», nabarmendu du.
Schlegelek azaldu duenez, doako zazpi ikuskizun eskainiko dira apirilean Galdakaoko sei leku ezberdinetan: Aperribai, Urreta, Gandasegi, Juan Bautista Uriarte, Santi Brouard eta Kurtzea. «Musika, dantza, zirku eta clown ikuskizunak izango ditugu», adierazi du programatzaileak.
Obra hauetako baten protagonistetako bat izan da gaurko agerraldian Espilla eta Schegelekin batera: Cecilia Paganini. Ganso & Cía-ko aktoreak ‘Welcome & Sorry’ clown ikuskizuna eskainiko du Santi Brouard enparantzan apirilaren 20an Gorka Gansorekin batera.
Hemen batu dugu apirilean Galdakaoko kaleetan izango diren ikuskizunen zerrenda osoa:
- Apirilak 13, zapatua: ‘Batetik bestera: kontzertua’, 18:00 Urreta eskolan
- Apirilak 13 eta 14: ‘Olvido flores. Las maravillas de Júpiter’, 12:00, 13:00, 18:00, 19:00 eta 20:00, Gandasegi eskolan
- Apirilak 19, barikua: ‘Fugas’ eta ‘Otempodiz’ dantza ikuskizunak, 20:00 Juan Bautista Uriarte 27
- Apirilak 20, zapatua: ‘Welcome & Sorry’ clown ikuskizuna, 18:00 Santi Brouard enparantzan
- Apirilak 26, barikua: ‘Bermutaren kermessea’, 20:00 Kurtzeko plazatik
- Apirilak 27, zapatua: ‘Musika kutxatxoa’, 18:00 Aperribaiko frontoian