EGITARAUA | Usansolo udalerri dela ospatzeko jaia antolatuko dute martxoaren 9an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usgaldu elkartea
Bizkaiko 113. udalerria da Usansolo abenduaren 28tik eta hau ospatzeko jaia antolatuko dute martxoaren 9an. Egun osoan zehar ekintzak antolatuko dituzte eta hemen batu dugu egitarau osoa.
Abenduaren 28an Espainiako Gobernuak Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatu zuen Usansolo eta honen ondorioz Bizkaiko 113. udalerria bihurtu zen ofizialki. Ordutik aurrera pausoak eman ditu Udalaren funtzioak egiten dituen kudeaketa batzordeak.
Agustin Aizpuru buruan, duela hiru aste antolatu zuen Usansoloko kudeaketa batzordeak lehen osoko bilkura eta hainbat erabaki hartu ziren hitzorduan.
Administrazioa alde batera utzi eta ospatzeko hitzordua egingo dute ordea martxoaren 9an. ‘Lortu dogu jaia’ antolatuko du egun horretan Usansolo Herria plataformak. «Herri independente moduan elkartzeko eta disfrutatzeko, erdu!», animatu dute taldetik.
Egun osoan zehar izango dira ekintzak eta hemen batu dugu egitarau osoa:
11:00 Harrera Unkina plazan
11:30 Hamaiketakoa
12:00 Kalejira Oinarineko joaldun eta Usgalduko erraldoiekin
13:00 Ekitaldia Mailu plazan
13:30 Poteo musikatua
15:00 Bazkari herrikoia eta bazkaloste animatua*
18:00 Erromeria Oinarin Dantza Taldearekin
20:00 Tabariex Txaranga herritik zehar
22:00 Dj Perez
*Tiketak Usansolo Herria plataformako lokalean izango dira eskuragai 3 euroko prezioan otsailaren 17an eta 24ean 12:00etatik 14:00etara; eta hilaren 26tik martxoaren 1era 17:00etatik 19:00etara.