EGITARAUA | Zabalea auzoko jaiak ospatuko dira lehen aldiz zapatuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: José Félix Uribe-Etxebarria
Zapatuan, maiatzak 25, egun berezia biziko dute Zabalea auzo galdakoztarrean, izan ere, jaiak ospatuko dituzte lehen aldiz. Horretarako, egitarau zabala antolatuko dute egunean zehar eta hemen batu dugu.
Beste hainbat ideia moduan, tabernako elkarrizketa batean sortu zen Zabalea auzoko jaiak antolatzeko ekimena. Jose Felix Yaguno duela bost urte saiatu zen ideia aurrera eramaten baina ez zuen pasa den urtera arte lortu.
Iazko apirilean Zabalea Auzo Elkartea sortu zen hainbat auzokideren artean eta talde honen lanari esker lehen aldiz ospatuko dituzte zapatuan, maiatzak 25, Zabalea auzoko jaiak.
Egitarau zabala antolatu dute egun horretarako eta jaia ohiko txupinazoarekin hasiko da 10:00etan. Ondoren, 11:30ean, Andra Mari Dantza Taldeak eta Pagolako Maskaradak dantzaldia eskainiko dute eta ordu berean haur jolasak antolatuko dituzte.
Jaietan ohikoa den paella txapelketan parte hartzeko aukera ere izango da Zabalean 10:00etatik aurrera, eta 14:00etan izango da taldeek egindako paellen aurkezpena, ostean epaimahaiak irabazleak aurkeratzeko.
Tartean kalejira izango da auzoan zehar eta arratsaldean aldiz mus eta igel txapelketak antolatuko dituzte, 20:00etan barbakoa egin baino lehen. Jaiak gauean amaituko dira, eta Alaikik jarriko du musika.
Jaietako zapia eskuragarri dago honezkero Zabalea tabernan, eta baita Zabalea Auzo Elkarteko kamiseta eta poloa. Herritarrek izena eman dezateke elkartean 5 euroko prezioan.