EH Bilduk Metroa Usansoloko erdigunera heltzea eskatu zuen Legebiltzarrean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EH Bildu
Iker Casanova EH Bilduko ordezkariak Metroaren 5. linea Usansoloko erdigunera heltzea eskatu zuen martitzenean Legebiltzarrean. Alderdiak EAJk eta PSEk proposamenaren kontra bozkatu zutela salatu zuen, talde biek Bizkaiko Batzar Nagusietan alde egin ostean.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Metroaren 5. linearen ibilbidea ezagutzera eman zuten urrian eta Usansoloko auzokideek linea berri honek gaur egungo Euskotren geltokia kendu eta ospitale ondoko Labea auzora aldatuko duela salatu zuten orduan.
Otsailean eskaera hau entzun eta Metroaren 5. linea Usansoloko erdigunera heltzeko azterketa egitea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek, Binkek jasotako moduan. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa eta Garraio Sailak herritarrek aurkeztutako alegazioak kontuan hartzea aurreikusten zuen ere.
EH Bilduk berriz eskatu zuen martitzenean Usansoloko erdiguneko geltokia, kasu honetan Eusko Legebiltzarrean. Iker Casanova alderdiaren ordezkariak eskatu zuen, «beharrezkotzat» ikusten dutela azalduz. EAJk eta PSEk alde bozkatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan baina Legebiltzarrean kontra egin zuten. Konponbide gisa Metro geltokiaren eta erdigunearen artean autobus bat jartzea aurreikusi zuten.
Honen aurrean, EH Bilduk bestelako alternatibak aztertzea proposatu zuen, «Usansolok metro-geltoki bat erdigunetik gertu edukiko duela bermatzeko». Batetik, ospitalearen ondoko geltokia hegoalderantz mugitzea eta sarrera bat erdigunetik gertuago kokatzea, Ibaizabal ibaiaren herriaren aldean. Bestetik, ospitalearen ondoko geltokiaz gain, herrian geltoki lurperatu berri bat egitea, egungo tren-geltokiaren inguruan.
«Bizkaiko Batzar Nagusietan alternatiba horiek aztertzea onartu zen, EAJ eta PSEren abstentzioari esker, baina gaur Legebiltzarrean gobernukideek hori ere ez dute onartu nahi izan», salatu zuten EH Bildutik.