Ehunka herritarrek salatu dituzte Galdakaon adingabeei egindako ustezko sexu-erasoak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Zenbait adingaberi bi gizonek ustez egindako sexu-erasoak irmoki gaitzetsi ditu gaur Galdakaok. Eraso matxisten aurka aldarrikatzeko eta biktimei babesa adierazteko ehunka galdakoztar batu dira eguerdian Santi Brouard enparantzan.
Gutxienez sei adingaberi sexu-erasoak egitea eta hauen intimitatearen aurkako delituak leporatuta, 37 eta 21 urteko bi gizon atxilotu zituen azaroan eta otsailaren 14an Ertzaintzak Galdakaon. Ikerketak irekita jarraitu eta akusatuak epaiketaren zain aske geratu diren bitartean, asko izan dira ‘Musikari’ deitu dioten operazio honek sortu dituen erantzunak.
Galdakaoko udalbatzan ordezkatuta dauden alderdi politiko guztien ostetik etorri da gaur, otsailak 17, Santi Brouard enparantzan egin den elkarretaratzea. Ehunka galdakoztar batu dira bertan, «biktimei babesa adierazi eta sistema judizial patriarkala» kolokan jartzeko, besteak beste.
Elkarretaratzea udalerriko emakumeen mugimenduak eta mugimendu feministak deitu dute —sei izan dira, orotara, talde zein elkarte deitzaileak— eta esaldi nagusi bi izan dira enparantza galdakoztarrean aldarri: «Galdakaon zuen biolentziak ez dauka lekurik; aurrean izango gaituzue!» eta «Eraso matxistarik ez!» ziren bi pankarten lema.