Eider Eibar ilustratzaileak ‘Kokoak’ liburua argitaratu du
Eider Eibar ilustratzaileak ‘Kokoak’ liburua argitaratu du, Kokoak pertsonaiak ezagutzera emateko helburuz. Lanak testuak eta teknika ezberdinekin egindako marrazki koloretsuak batzen ditu.
Galdakaorekin oso lotuta dagoen Eider Eibar ilustratzaileak kokoak.eus proiektua jarri zuen martxan Iskander Sagarminaga galdakoztarrarekin batera. Honetan marrazki bidezko unibertso berri bat sortu zuten, BINKEri azaldu zioten moduan.
Honen harira, Eibarrek ‘Kokoak’ liburua argitaratu berri du Pamiela argitaletxearekin. Eibarrek berak egindako testuz eta marrazkiz osatutako hirugarren lana da eta helburua Kokoak pertsonaiak ezagutzera ematea da.
«Nire helburua Euskal Herriko umeek Kokoak ezagutzea da eta horregatik aurkezpen liburu bat modukoa da. Gero, behin Kokoak ezagututa, ziur haien eguneroko bizitzan baten bat ikusiko dutela eta identifikatzeko gai izango direla», adierazi dio ilustratzaileak BINKEri.
Kokoak zer diren, magia nola egiten duten eta haien marrazkien bitartez haiek nola bidaiatzen duten ezagutu daiteke lan honetan, besteak beste. «Azken finean Kokoen mundutik egindako bidaia bat da liburua», nabarmendu du Eibarrek.
«Oso pozik nago egindako lanarekin. Marrazki aldetik nahiko landuak eta pertsonalak dira, izan ere, Kokoak nik sortutako pertsonaiak dira», aitortu du. Teknika aldetik, hainbat erabili ditu marrazkietan: pintura akrilikoa, akuarelak, koloretako arkatzak, tenperak…
Liburua eskuragai dago liburudendetan 15 euroko prezioan.