Ekarpen talde berria jarriko du abian BINKEk, herritarren balorazio eta ekarpenak jasotzeko
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Getty Images Pro
Hazten jarraitzeko eta informazioaren tokiko erreferente izateko asmoz, herritarrengana are gehiago zabaltzeko asmoa du BINKEk. Horretarako, Ekarpen talde berria sortuko du parte hartu gura duen edozein herritarrekin batera, BINKEren edukien iritziak, balorazioak eta ekarpenak egiteko.
Asko eta askotarikoak dira BINKEk lantzen dituen gaiak. Baina are gehiago landu gura dituenak. Hilabeteroko papereko edizioari —hasieratik herritarrek ezagutzen duten aldizkariari, alegia— asteroko 20 edukietatik gora gehitu zaizkie azken urteetan, webgunearen eta sare sozialen bultzadarekin batera.
Kopuru honekin, Usansoloren eta Galdakaoren inguruko albiste gehien plazaratzen dituen hedabidea bilakatu da BINKE, eta bide horretan jarraitzeko asmoz herritar gehiagoren ahotsak entzuteko beharra sentitzen du hedabide honek. Hazten jarraitzeko, galdakoztar eta usansolotar guztien erreferente informatiboa izateko.
Horrela ba, hiruhilerik behin ordubeteko bilera ireki batera deitu gura ditu herritarrak. Datak ezarrita daude honezkero, hiruhile bakoitzaren amaieraren bueltan antolatzeko xedez:
- Martxoak 19.
- Ekainak 11.
- Irailak 24.
- Abenduak 17.
Bilera ireki horietan parte hartzeko interesa izanez gero, hauek dira jakin beharrekoak:
- Ordubeteko iraupena izango dute, 19:00etan hasita.
- Bileraren tokia data bakoitza hurreratu ahala jakinaraziko zaie parte-hartzaileei —partaide kopuruaren arabera Galdakaoko Udalaren eraikinen batean egin beharko delako bilera hori, eta ez BINKEren bulegoan—.
- Solasaldi horietara joateko ez da ezer prestatu beharko ezta ardurarik hartu beharko ere. BINKEko kideren batek gidatuko ditu partaideak, aurreko aldizkari zein edukietako balorazioak egin eta aurrera begirakoen inguruko ekarpenak jasotzeko.
- Ekarpen taldean parte hartu gura baduzu, idatzi mezu bat BINKEren WhatsApp edo Telegram kanalen bitartez: 680743211.