Elikadura arazoak sendatzeko unitate berria jarriko dute martxan Usansoloko ospitalean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Osakidetza
Martxoan elikadura-portaeraren nahasmenduak sendatzeko bi unitate berri martxan jarriko dituela iragarri du Osakidetzak. Hauetako bat Usansoloko ospitalean egongo da eta aldi berean sei paziente artatzeko gaitasuna izango du.
Gotzone Sagarduik Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Usansoloko ospitalera eguaztenean egindako bisitan iragarri zuenez, elikadura portaeraren nahasmenduak sendatzeko bi unitate berri jarriko dituzte martxan martxoan.
Bi unitate berriak abiatzeko 150.717,738 euroko inbertsioa egin du Osakidetzak eta bat Gasteizen egongo da eta bestea Usansoloko ospitalean.
Unitate bakoitzak sei paziente artatzeko gaitasuna izango du, eta antzeko osasun-langile kopurua (psikiatra bat, psikologo kliniko bat, buruko osasuneko lau erizain eta arlo bereko beste lau erizain laguntzaile).
Usansoloko Elikadura Portaeraren Nahasmenduko Unitatea martxoaren 4an jarriko da martxan eta ospitaleko bigarren solairuan dago, Psikiatriako eremuan. Sei oheko ospitalizazio-gela bat eta eguneko ospitale bat ditu, gehienez sei plaza gehigarrirekin, 9:00etatik 21:30era arreta emateko.