Elkartasun Pintxoaren bidez 950€ eman dizkio Peña Santa Cruzek Elkarlaguntza Sareari
Dohaintza
BINKE / 2022ko apirila
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Jardunaldi Mikologikoen baitan urtero Peña Santa Cruz elkarte gastronomikoak antolatzen duen Elkartasun Pintxotik jasotako dirua, 950€, Elkarlaguntza Sareari eskaini zaio aurten.
Pandemiak geratu osteko lehenengo Jardunaldi Mikologikoak antolatu zituen iaz Peña Santa Cruz elkarte galdakoztarrak. Jardunaldi hauek Bizkaiko zaharrenak dira, eta bertan, onddo zein perretxiko txapelketa antolatu ohi du elkarte gastronomiko ezagunak.
Baina horrekin, azken urteetan indar handia hartzen ari den Elkartasun Pintxoa ere antolatu ohi du Santa Cruzek. Bertan batutako dirua elkartasuna lantzen duen elkarteren bati eskaintzen zaio. Aurten, elkarte hori Elkarlaguntza Sarea izan da, Galdakaoko Udalak Peña Santa Cruzi proposatu bezala.
Egun euritsua egin zuen domeka hartan, eta pandemiak eragindako neurriek asko zaildu zuten ekimena. Hala ere, izan zen Kurtzeko plazaren eta Gandasegiren ingurumarietara gerturatu zenik, eta Elkartasun Pintxoarekin 950€ batu zituzten.
Diru kopuru hori Galdakaoko Elkarlaguntza Sareari eman zaio asteon. Elkarlaguntza Sarearen izenean Gorka Menendez «Meren» izan zen dohaintza jasotzearen arduradun, eta «gustura bezain eskertuta» jaso zuen oparia. Txekea berriz Maripaz Losada Gizarte Ekintzako zinegotziak, Xabier Bikandi Peña Santa Cruzeko idazkariak eta Alfonso Requero jardunaldien koordinatzaileak eman zioten Elkarlaguntza Sareari.