‘Emakumea eta neska zientzian’ ekimena antolatuko du Mairik Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Freepik
Mairi Emakume Feminista Batzak ‘Emakumea eta neska zientzian’ ekimena antolatuko du Galdakaon. Honen baitan bi ekintza eskainiko ditu: emakumeen jakiturian ezkutatzen den zientziari buruzko solasaldia eta Bilbon zehar ibilbidea genero ikuspegitik.
Emakumeen garrantzia aldarrikatzeko helburuz, hainbat ekintza antolatzen ditu Mairi Emakume Feminista Batzak eta hurrengo asteetan beste bi eskainiko ditu Galdakaon. Zehazki, solasaldi batean eta ibilbide batean parte hartzeko aukera izango dute galdakoztarrek.
Otsailaren 22an emakumeen jakiturian ezkutatzen den zientziari buruzko solasaldia antolatuko du Mairik, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Saioan «zientziaren munduaren inguruan dauden botere-harreman desberdinak nabarmenduko ditugu, eta, aldi berean, egungo begirada hegemonikoarekin amaitu eta bizitzak erdigunean jarri nahi dituzten proposamen feministak ezagutaraziko ditugu».
Martxoaren 16an aldiz, genero-ikuspegia duen bisita gidatu bat egingo du taldeak, Bilboko goiko auzoetan oinezko ibilbide bat. Honetan «hirian gogor ekin eta lan egin zuten emakumeak ezagutuko ditugu». Ibilbidea 11:00etan hasiko da Bilboko Berreginen Museoan eta 5 euroko prezioa du, edukiera mugatuarekin.
Jarduerei buruz gehiago jakin daiteke mairigaldakao@gmail.com helbidera idatziz.