«Emakumeok eta jaiak», Ane Irazola
Ane Irazola Lasa
BINKE / 2019ko uztaila
Emakumeok eta jaiak
Opor ostean, Galdakaoko jaiak helduko dira eta aukera pila bat izango dugu hainbat ekintzetan parte hartzeko, eta partaidetza horren gainean nahi dut berba egin, hain zuzen emakumeon jaietako partaidetzaz.Gehienetan, emakumeen parte hartzea zerbitzatzea besterik ez da izaten. Jaietan, gure betebeharra zaintzaile izatera mugatzen da: adinekoen bazkarian, umeen tailerretan, eta abar… Rol berberarekin jokatzen dugu bai etxean eta bai kalean, eta, zelan ez, baita jaietan ere. Zergatik ez dugu behingoz etxeko rol hori bertan behera uzten eta ez gara beste era bateko ekintzetan hasten?
Horra, Udalak berak emandako 2018ko jaietako datuak: antolakuntzan gizonezkoak %74 izan ziren eta emakumezkoak, berriz, %26, partaidetzan gizonezkoak %64 eta emakumezkoak %36, eta antzera aurkezle eta epaile beharretan. Jaietan, emakumeak beste era bateko inplikazioa behar du: antolatzaile, aurkezle, epaile, parte-hartzaile… Hamaika modutan hartu dezakegu parte hainbat lehiaketa eta tailer ditugu eta. Adibidez, gastronomi lehiaketetan. Gastronomi lehiaketa festa da, disfrutatzeko antolatua, ez ezinbesteko beharra. Ahaleginak egin behar ditugu datu hauek aldatzen.
Hartu parte jaietan! Eta gora emakumeok!