«Emozioen kudeaketa», Ane Aguirre
Ane Aguirre Crespo
BINKE / 2020ko apirila
Emozioen kudeaketa
Bakoitzaren sentimenduek norberaren hizkuntza hitz egiten dute eta, askotan, ezinezkoa da horrelako gaien inguruan orokortasun bat ezartzea.
Hala ere, emozioak eta arrazoiketa dira gizakiak gizaki bihurtzen gaituzten ezaugarriak eta horiek ulertzera, edo behintzat ulertzen saiatzera animatzen zaituztet.
Denboraldi honetan askok maitatuak galdu ditugu, eta galera horiek aurrera eramateko genituen baliabideak jada ez ditugu eskuragarri. Positibotasuna, autokontrola, indarra eta erresilientzia eskatzen dizkigute, baina inork ez digu irakasten gorputzeko bazter ilunetan ostenduta dauden gainontzeko emozioak laztantzen. Horiei esker, hain zuzen ere, mundua eta ingurukoak hobeto uler ditzakegu.
Aste hauetan zehar txoko ilun horietako mina eta hutsunea aurrez aurre agertu zaizkit eta aspaldikoak nituen sentimendu hauek besarkatzen saiatu naiz, ingurua txikitzen zen ahala. Hauek onartzeko minutu batzuk hartzea zilegi da, beharrezkoa esango nuke, gure inguruko perspektiba zabaltzen laguntzen baitigute.
Nahiz eta batzuetan kostata, gauzak azaleratzea onuragarria izan daiteke, izan ere, hitz hauek idazten ditudan ahala nire barneko zama arintzen doa positibotasunari ongietorria emanez.