Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ liburua aztertuko du Leidu Irakurketa Taldeak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Mondragon Unibertsitatea
Irakurketa bultzatzeko helburuz, liburuak aztertzeko saioak antolatzen ditu Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak. Ekainaren 26an Eneko Bidegain idazlearen ‘Bichta éder’ izango dute aztergai, Peña Santa Cruzen antolatuko duten saioan.
Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak hainbat motatako liburuen inguruko nondik norakoak elkarbanatzeko saioak antolatzen ditu urtean zehar. Maiatzean esaterako Assata Shakurren ‘Autobiografia bat’ izan zuten aztergai.
Hilabete honetan ordea Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ liburuaren inguruan hausnartuko dute Peña Santa Cruzen antolatuko duten saioan. Ekainaren 26an izango da, 18:30ean.
Liburu honetan Eneko Bidegainek, literaturara itzulirik, goranahi handiko istorio bat asmatu du. «Irakurlea harrapatzen duen thriller politiko bat ez ezik, egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere bada: itxurakeriaren zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak eta euskararen patua», azaldu dute Elkar argitaletxetik.