Erabideren ‘Ikaskuntzak partekatuz’ erakusketa eta proiekzioak eskainiko ditu Torrezabalek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Erabide elkartearen sareetatik
Martxoaren 8aren harira hainbat ekintza antolatu ohi ditu Erabide elkarte galdakoztarrak eta aurten ere horrela izango da. Besteak beste, elkartearen ‘Ikaskuntzak partekatuz’ erakusketa eta bideo proiekzioak hartuko ditu Torrezabal Kultur Etxeak martxoaren 6tik 17ra bitarte.
Emakumeen ahalduntzea bultzatzeko ekimenak martxan jartzen ditu Erabide elkarte galdakoztarrak urtean zehar. Oraingoan, martxoaren 8aren harira, ekintzak antolatu ditu ere.
Batetik, sormenezko idazketa tailerreko ikasleek elkarteari buruz egindako hausnarketak eta patchwork taldeetako ikasleek egindako lanak bilduko ditu ‘Ikaskuntzak partekatuz’ erakusketan. Torrezabal Kultur Etxean izango da ikusgai martxoaren 6tik 17ra bitarte, 11:30-13:30 eta 17:30-20:30 ordutegietan.
Inaugurazioa martxoaren 6an izango da 17:30ean eta ‘Puntadaz puntada indarkeria matxistaren aurka’ proiektu solidarioa erakutsiko dituzte, baita laster Galdakaoko kaleak apainduko dituzten arte feminista lanak ere.
Honekin batera, egunero ‘Erabide 1993-2023 Ikaskuntzak partekatuz’ bideoaren proiekzioa eskainiko du taldeak, 12:00etan eta 18:00etan.
Bestetik, martxoaren 16an, 19:00etan Torrezabalen, Lucía Gallego Delgado doktoreak emakumeen miokardioko infartu akutuari buruzko hitzaldia emango du, gaixotasunaren nondik norakoak azalduz.