«Ereduak», Oscar Schwarz
Oscar Schwarz Ramos
BINKE / 2018ko maiatza
Ereduak
Hizkuntza ereduak aipatzen diranean alfabetoaz gomutatzen gara, zalantza barik. A, B eta D ereduak. Nik gaur beste eredu batez berba egin gura neuke. Ez dot nik asmatu, jakina, herrialde askotan dagoaneko erabiltzen baita.
Eredua zein dan azaldu baino lehen nire lagun Alextxuk kontatu eustan anekdota bitxia kontatuko deutsuet. Alex urte askotan enpresa handi baterako lanean ibili da iberiar penintsulan. Egonaldi batean hortik nonbait, Alex egoten ohi zan hoteleko harreran egoan neskak berba egiteko era bitxia eukola esan eustan Alexek. Marlon Brandonek «El Padrino» filmean egiten eban modura-edo, nolabait azaltzeko.
Arraroa egiten jakon Alexi berbakera hori neska gaztea izanik. Beste egonaldi batean neska harrera-egilearen neba ezagutu eban Alexek eta, kontxo, modu berean egiten eban berba. «Zer dala eta egiten dozue zuek biok berba horrela?» galdetzera ausartu zan Alex. Eta erantzuna sinplea zan oso: «Etxean gure aitak horrela egiten ebalako, eta holan ikasi genduan guk be».
Gure hizkuntza eredua kanpotik etortzen dan jendeari euskaraz egitea balitz, agian, guk egiten dogun modu berean ikasiko leukie eurek be, Alexen ezagunek egin eben arrazoi berberagatik.