Erletxe industrialdea hobetzeko akordioa sinatu dute Udalak eta enpresen elkarteak
Ekonomia
BINKE / 2021eko iraila
Erletxe industrialdea hobetzeko akordioa sinatu dute Udalak eta enpresen elkarteak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak eta Erletxe Industrialdeko Enpresen Elkarteak Bizkaiko poligonorik handiena hobetzeko eta mantentzeko akordioa sinatu dute, baita lan horien jarraipena egiteko batzordea osatzea adostu ere.
Bizkaiko industrialderik handiena da Erletxekoa. Zehazki, 142 enpresa daude bertan. Ordea, «orain arte poligonoa utzita» egon dela esan dute Javier Ibarretxe Sustapen Ekonomikorako zinegotziak eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.
Horregatik, eta iazko martxoan Erletxe Industrialdeko Enpresen Elkartea (EIEE) sortu zela baliatuz, beste urrats bat eman eta eraikita dauden azpiegiturak hobetu eta mantentzeko lanetan indar egitea hitzartu dute bi aldeek. Akordioa Begoña Ojanguren EIEEko presidenteak eta Ibarretxe zinegotziak sinatu dute, alkatearen eta elkarteko beste hiru kideren babesean.
Gainera, Udalaren eta elkartearen arteko harreman eta lan horren jarraipena egiteko batzordea ere osatuko dutela iragarri dute aurkezpenean. Jarraipen Batzorde horretako kide izango dira alkatea bera —batzordeko lehendakari lanean— eta bi bokalak Sustapen Ekonomikorako zinegotzia eta elkarteko presidentea. Idazkari lanetan Toki Garapen eta Enplegu zerbitzurako koordinatzailea arituko da.