ErNE sindikatuak Galdakaoko Udaltzaingoaren «egoera prekarioa» salatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
ErNE-SVPE sindikatuak Galdakaoko Udaltzaingoaren egoera «prekarioa» dela salatu du, «autonomia mailan egoera larrienean dauden udalerrietako bat» dela adieraziz. Galdakaoko EAJ-PNVk bat egin du salaketarekin eta azken hiru urteetan herriko delitu-tasak %8,6 gora egin duela nabarmendu du.
ErNE-SVPE sindikatuak Galdakaoko Udaltzaingoaren egoera «prekarioa» dela salatu du. «Txanda gehienetan patruila bakarra dago kalean eta horrek ezinezko egiten du auzokideen segurtasuna bermatzea», adierazi dute.
Sindikatuaren arabera, 34 polizia baino ez daude Galdakaon, agintariak barne, herriak 30.000 biztanle baino gehiago izan arren. «Galdakaon biztanle bakoitzeko 1,15 poliziako ratio oso txikia dago, Europako instituzioen gomendioa 2 denean», adierazi dute, Galdakao «autonomia mailan egoera larrienean dauden udalerrietako bat» dela salatuz.
Halaber, langileen ordezkariek ohartarazi dute jarduerak «gero eta motelagoak eta arriskutsuagoak» direla, Santakurtzetan udaltzaingo batek jasotako erasoa gogora ekarriz.
Salaketa honekin bat egin du Galdakaoko EAJ-PNVk eta «azken hiru urteetan herriko delitu-tasak %8,6 gora egin duela» nabarmendu dute.
Jeltzaleen esanetan, 2022ko abenduan BAOn argitaratu zen Galdakaoko udaltzaingoaren lanpostuei dagozkien ezohiko egonkortze-hautaketa-prozesuak arautzen dituzten oinarriak eta deialdia onartu zirela eta «urtebete geroago ez da deialdia egin, Udalaren webgunean ikusi daitekenez».
«Laburbilduz, gobernu talde honek ez du langileen plantilla zabaltzen, azken hiru urteetan udalerrian izandako delituen gorakada kezkagarria ezagututa, eta ia urtebete darama geldituta egungo langileei egonkortasun handiagoa emango dien prozesua», azpimarratu du EAJ-PNVk.