Eskola-materiala Galdakaon erosteagatik 140-350 euro arteko dirulaguntzak banatzen hasiko da Udala
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Isabel Poulin
Abian da hezkuntza jarduera babestea eta udalerriko merkataritza sustatzea helburu duen kanpaina, zeinetan Galdakaoko Udalak herrian erroldatutako eta herrian erositako eskola-materiala diruz lagunduko duen. Urriaren 21ean irekiko da dirulaguntza horiek eskatzeko epea eta BINKEren webgunean argitaratu dugun zerrendan batu ditugu dirulaguntza horiek eskatzeko baldintzak.
Galdakaon erroldatuta dauden eta Galdakaon erosten duten familiek dirulaguntza zuzena jaso ahal izango dute, bigarren urtez, eskolarako materiala erosteagatik. Hala zehaztu du Udalak ohar bidez: «Laguntza hauek, zehazki, bi urteko ikasgelako, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen guraso eta tutoreei zuzenduta daude».
Dirulaguntza guztietan bezala, noski, baldintza batzuk ere badira norberak erositako eskola-materiala Udalak diruz lagundu ahal izateko. Ondoko zerrendan batu ditu BINKEk, ahalik eta argien azaldu ahal izateko:
- Urriaren 21etik 31ra bitarte eskatu behar dira dirulaguntzak, Udalaren webgunean.
- Eskatzaileak Galdakaon erroldatuta egon behar du eta eskola-materiala Galdakaon erositakoa izan behar da.
- Laguntzak gehienez 140 eurokoak izango dira haur bakoitzeko, familien diru-sarreren arabera, eta gehienez 350 eurokoak familia bakoitzeko.
- Laguntzak barne hartuko dituen eskola materialei dagokienez, honako hauek izango dira:
- Amantalak eta adur-zapiak (Haur Hezkuntzarako)
- Teknologiako, Musika eta Heziketa Plastikoetako elementuak
- Mahaigaineko materiala eta suntsigarriak (arkatzak, boligrafoak, erregelak, koadernoak, folioak eta antzekoak, eta informatika-material suntsikorrak)
- Artxibategiak, kutxatilak, kalkulagailuak, konpasak, hiztegiak, bizkarzorroak eta antzekoak
- 2024ko ekainaren 1etik urriaren 31ra egindako fakturak soilik hartuko dira kontuan —ez dira tiketak onartuko—.
Horrela, nabarmendu du Udalak, «hezkuntza jarduera babesteaz gain, udalerriko merkataritza sarea dinamizatzea da helburua, beraz, erosketak Galdakaoko establezimenduetan bakarrik egin ahal izango dira».
Informazio gehiago nahi duenak edo edozein zalantza argitu behar duenak, 944 010 540 telefonora dei dezake edo hezkuntza-euskara@galdakao.eus helbidera idatzi.