Esku-pilota txapelketa herrikoia antolatuko dute Usansolon irailetik abendura bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usansoloko Esku Pilota Taldea
Usansoloko Esku Pilota Taldeak lau eta erdiko esku-pilota txapelketa herrikoiaren bigarren edizioa antolatuko du irailetik abendura bitarte. Izena emateko epea zabalik dago abuztuaren 14ra arte eta hemen batu dugu horretarako jakin beharrekoa.
Pilota maite dutenek kirolaz gozatzeko aukera berri bat izango dute Usansolon udazkenean. Usansoloko Esku Pilota Taldeak lau eta erdiko txapelketa herrikoiaren bigarren edizioa antolatuko du irailetik abendura bitarte.
Partidak iraileko, urriko eta azaroko zapatuetan jokatuko dira eta finalak aldiz Usansoloko jaietan. Unkina plazako frontoian izango dira eta izen ematea zabalik dago 10 euroan abuztuaren 14ra bitarte, 634672103 telefonoan.
Parte hartzeko ezinbestekoa da usansolotarra izatea eta baita 16 urte gorakoa izatea ere. Antolatzaileek adierazi dutenez, ez dira onartuko jokalari federatuak ezta profesionalak ere.
Hauek izango dira irabazleentzako sariak:
Pikatuen maila
Lehenengo saria: Afaria + Kopa
Bigarren saria: Ardo botila bat + Kanariako bananak
Domingeroen maila
Lehenengo saria: Afaria + Kopa
Bigarren saria: Ardo botila bat + bananak
Udatiarren maila
Lehenengo saria: Afaria + Txapela
Bigarren saria: Ardo botila bat + bananak