Eskumenak eskualdatzeko Usansolok eta Galdakaok «elkarlan estuan» jarraituko dute
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Abenduaren 28an Espainiako Tokiko Erakundeen Erregistroan modu ofizialean erregistratu ostean, Usansolok bere ibilbideari bakarrik ekin beharko dio. Ordea, asko dira aurretik Galdakaorekin koordinatu eta eskualdatu beharko dituen ardurak. Horretarako, Usansolorekin elkarlanean jarraitzeko prestutasuna erakutsi zuen Galdakaoko Udalak adierazpen honen bidez.
Abenduaren 28ko Inuzente Eguna nekez ahaztuko dute usansolotar askok, inuzentaden artean izan zelako benetako albisterik ere; aspaldi amestutako albisterik: hamarkadetako lanaren ondoren, Usansolo Bizkaiko 113. udalerri gisa erregistratu zen ostegun horretan Espainiako Tokiko Erakundeen Erregistroan.
Orduan bai, atzera bueltarik ez duen Galdakaotik bereizteko segregazio prozesuari amaiera eman zion Usansolok. Orain, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak udalerri berria gobernatu beharko du 2027ko udal-hauteskundeak iritsi arte.
Bien bitartean, Galdakaoko Udalak «prestutasun osoa» erakutsi du Usansoloren eta Galdakaoren arteko eskumenak «elkarlanean, naturaltasunez eta adostasun etengabean» burutzea. Horrela adierazi zuen erakunde galdakoztarrak hilaren 28an bertan bidali zuen adierazpenean.
Galdakaoko Udalaren adierazpena, hitzez hitz:
«Usansolo Bizkaiko 113. udalerri da, ofizialki, gaurtik. Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatu da, eta beraz, Galdakaotik banatuta, beste edozein herriren izaera bera du hemendik aurrera. Orain, Udala eraikitzeko lanari ekin beharko dio Usansolok.
Euren herri izaera aldarrikatzen eta udalerri gisa eratzeko eskaera egiten hamarkadak egon ondotik, lau urtetan askatu da korapiloa. Horixe da Galdakaoko Udalak 2019an egindako apustu garbiaren emaitza. Hain zuzen, Usansolotarren nahia entzun eta haien erabakia errespetatzeko apustua egin zuen Galdakaon gobernu aldaketa izan zenean. Ariketa demokratiko hori amaieraraino eramateko lan handia egin du ordutik Udal gobernuak, eta elkarlan horretan jarraituko du orain ere.
Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatuta egonik, Usansoloko Udala eratzea dagokio orain udalerriari. Egun Galdakaoko Udalaren esku dauden zerbitzu asko Usansoloren esku uztea esan nahi du horrek, eta gradualki egingo da eskualdaketa, orain arte bezala Galdakao eta Usansoloren arteko elkarlanean, naturaltasunez eta adostasun etengabean.
Argi du hori Galdakaoko Udal Gobernuak, eta Galdakaoko alkateak eta Usansoloko Kudeaketa Batzordeko lehendakariak adostua dute orain arteko elkarlan estuan jarraituko dutela eskumenak eskualdatzeko luze joango den prozesuan.
Arbitraje Batzordea (Galdakaoko Udalak, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatu beharrekoa) datozen egun edo asteetan batuko dela aurreikusten du Udalak, hemendik aurrera eman beharreko pausoak bideratzeko.»