‘Esna’ dantza ikuskizuna hartuko du bihar Torrezabalek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Doos Colectivo
Antzerkia eta dantza uztartzen dituzte Marie de Jongh eta Doos Colectivo konpainiek ‘Esna’ ikuskizun esperimentalean. Bihar, otsailak 19, Torrezabal Kultur Etxean aurkeztuko dute, arratsaldeko 18:00etan.
Esperimentua esperientzia bihurtu nahi izan dute Marie de Jongh eta Doos Colectivo konpainiek ‘Esna’ ikuskizunean. Antzerkia eta dantza uztartu dituzte horretarako, Jokin Oregiren zuzendaritzapean.
Bihar, otsailak 19, Galdakaon aurkeztuko dute ikuskizuna, Torrezabal Kultur Etxean arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Sarrerak eskuragai daude aretoan eta webgunean 6 euroko prezioan.
Bi gorputz taularatuko dira Torrezabalen, «pertsona bakarra interpretatzeko, mila aurpegi izan ditzakeen pertsona bakarra», konpainien hitzetan. «Ikuskizun honek balioan jartzen du pertsonek beren gorputzekin edo irudimenarekin esperimentatzeko, rol desberdinak jokatzeko, munduarekin modu desberdinetan elkarreragiteko, harremanetan arakatzeko, probatzeko eta bilatzeko duten gaitasuna», azaldu dute.
Denis Martínez eta Olaia Valle dira ‘Esna’ ikuskizuneko dantzariak, koreografia Eva Guerrerok sortu du eta musika Nerea Alberdik eta David. S. Damiánek.