Espainiako Junior Mailako Saskibaloi Txapelketa jokatu dute hainbat galdakoztarrek
Kirola
BINKE / 2022ko martxoa
Espainiako Junior Mailako Saskibaloi Txapelketa jokatu dute hainbat galdakoztarrek
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIAK: Olaia Arenas
Maiatzaren 1etik 7ra Huelvan ospatu zen Espainiako Junior Mailako Saskibaloi Txapelketan hainbat galdakoztarrek hartu zuten parte. Besteak beste, bi talderen jokalari zein entrenatzaile lanetan aritu ziren bertan herrikideak: Fundación Bilbao Basket —gizonezkoetan— eta Lointek Gernika Ibaizabal —emakumezkoetan—. Idatzi honetan, hauen izenak aipatzearekin batera, txapelketaren inguruko hainbat xehetasun bildu ditu Binkek.
Osotara sei izan ziren maiatzaren 1etik 7ra Huelvan jokatu zen Espainiako Junior Mailako Saskibaloiko txapelketan parte hartu zuten galdakoztarrak. Gizonezkoei dagokienez, Fundación Bilbao Basket taldearekin batera Markel Iturrioz eta Oier Rivas jokalari gisa, eta Ibon Lopez de Letona hauen entrenatzaile aritu ziren talde bizkaitarraren ordezkaritza lanetan. Bertara sailkatzeko, Euskal Ligako lehen bi plazetako bat lortu behar izan zuten aurretik, eta hala egin ere. Baskoniaren aurka jokatutako finala irabazi ez arren, Euskal Ligako txapeldunorde izateak Espainiako Txapelketan parte hartzea ahalbidetu zien.
Espainiako Txapelketari dagokionez, hiru norgehiagoka jokatu zituzten —lau taldeko liga baten antzerako multzo batean—, eta soilik batek lortu zuen hurrengo fasera pasatzeko txartela. Emaitzei dagokienez, bi garaipen eta porrot bat izan zen bertan lortutako balantzea, eta Lopez de Letonak Binkeri helarazi dionez «oso harro daude taldeak lortutako emaitzekin, lehen aldiz lortu baitzituzten bi garaipen maila handiko txapelketa batean».
- FBB- La Salle Palmaren: 73-61 —irabazi—.
- FBB- Canarias Basketball Academy Guadalupe Gold (CBA) : 61- 68 —galdu—.
- FBB- San Jorge Murcia: 83- 67 —irabazi—.
Emakumeei dagokienez, Lointek Gernika Bizkaiako jokalari diren Nerea Garcia, Olaia Arenas eta Julene Royale galdakoztarrak aritu ziren bertan. Denboraldi hasieran bi taldeek —Lointek Gernikak eta Ibaizabalek— zuten jokalari falta medio, elkarren artean batu eta talde bakarra osatzea erabaki zuten irailean. Hiru herrikideei dagokienez biribila izaten ari da haien denboraldia, Gernikako junior taldearekin aritzeaz gain, Ibaizabaleko LF2 taldearekin jokatzen ari baitira aldi berean ere bai hauek.
Espainiako Txapelketara sailkatzeko Euskal Ligako txapeldunak izan ziren aurretiaz, Loyola Indautxuri garaituz honetarako. Asteburuan zehar izandako txapelketan, berriz, zortzigarren plaza eskuratu zuten, harrotzeko moduko sailkapena, beraz.