«Estatu propio barik 400 urte», Aitzol Altuna
Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2021eko urtarrila
Estatu propio barik 400 urte
Enrike III «Biarnotarra» izan zen lehen errege Bourboia. Nafarroako erregea izan zen lehenik 1572. urtean, bere amaren oinordeko bezala, Juana III, emakume errenazentista, erlijio askatasuna aldarrikatu eta Testamentua euskaratzea agindu zuenak. Baina, bere aitaren partez, Frantziako errege bihurtu zen 1589an, han, Enrike IV «Nafarra» bezala ezaguna da.
Enrikeren semeak, Louis XIII, Ediktu baten bidez, 1620ko urriaren 15ean Frantzia eta Nafarroaren betirako lotura aldarrikatu zuen. Erresuma hau, «France et Navarre» deituko da geroztik. Ediktuan, Frantzia gelditzen zen subirano, Nafarroa eta Biarnoren menpeko Estatuak bihurtuz. Biarno, Nafarroako koroako beste Estatu subirano bat zen, Andorrarekin batera.
Estatu hauen ordezkariek, euren parlamentuetan —Donapaleun eta Paun—, Ediktua euren Konstituzio edo Foruen kontrakoa zela aldarrikatu zuten, eta onartzen zutenek, «aberriari traidore» zirela zabaldu zuten. Altxatutako nafarrak eta biarnesak, jazarriak izan ziran, Bordelen epaituak eta erahilak.
Nafarroako Korteak, 1683. urtean adierazi zuen: «Nafarroako eta Frantziako erreinuak anitzak dira, ezberdinak bata besteagandik, bakoitza, bere oinarrizko legeen pean gobernatu behar dira, baina inoiz ez bateratuak».
Konkistan oinarritutako legeak nuluak dira eskubide internazionalean. Konkistatzaileek Nafarroaren aurka hartzen dituzten erabakiak: gizateriaren aurkako delituak dira. Menperatutako Estatu bat ez da desagertzen, bere Herria desagertzen ez den heinean.
Momentuz, azken euskaldun askea, orain dela 400 urte jaio zen.