Estepan Goioaga: «Guztiok ondo egiten badugu, lehenago amaituko da»
[ATAL BEREZIA] Osasun Krisiaren harira aldizkarian egindako gehigarri bereziko elkarrizketetariko bat da hau, “gure heroiak” eta hauek egunotan egiten ari diren lana ezagutzera emateko.
Estepan Goioaga, udaltzainburua
BINKE / 2020ko martxoa
«Guztiok ondo egiten badugu, lehenago amaituko da»
Zelan ari zarete antolatzen? Bereziki zaintza lanak egiten, alegia, Espainiako Errege Dekretuak dioena zaintzea eta, beraz, jendea etxetik irtetzen bada zeregin egokietarako bakarrik irtetzea bermatzea.
Espainiako Barne Ministroaren aginduak nabaritzen dituzue? Ez. Guk gure ohiko zeregin eta funtzionamenduarekin jarraitzen dugu, eta ez dugu agindu berezirik jaso.
Zentzubako asko dabil kaletik? Hasierako egunetan jendearekin eztabaida batzuk genituen, jendea kaletik ibiltzen zelako lehenengo igandean paseoan, mendira joaten, txakurrarekin bi ordu egiten… uste zutelako Dekretua astelehen goizetik aurrera sartuko zela indarrean. Beraz, lehenengo egunetan kontzientzia lanak egiten ibili ginen, baina egunek aurrera egin ahala jendeak ardura handiagoz jokatzen du.
Aparteko babes neurririk hartzen ari zarete? Maskara eta eskularruez gain, txanda batetik bestera patruilak eta komisariako erremintak desinfektatu egiten ditugu, infekzioak ekiditeko.
Zer esango zenioke herritarrei? Gauza serioegia dela hau, eta guztiok ondo egiten badugu lehenago amaituko dela.