ETS taldeak eskainiko du aurtengo Santakurtzetako kontzertu nagusia
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: En Tol Sarmiento taldea
Galdakaoko Santakurtzetako kontzertu nagusia En Tol Sarmiento talde arabar ezagunak eskainiko duela iragarri berri du Galdakaoko Udalak. Irailaren 16an izango da Ardanza parke galdakoztarrean.
Arrakastaz arrakasta dabil En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarra, Iñigo Etxezarreta buru duen taldea. Ezbairik gabe, azken urteetako modako euskal taldea bilakatu da, eta aretoak lepo betetzen dabil doan tokira doala. Bada, datozen Galdakaoko Santakurtzetako kontzertu nagusia talde erreferente honek eskainiko duela iragarri berri du gaur, maiatzak 15, Galdakaoko Udalak.
Jai galdakoztarretan zuzeneko ikuskizun handiak eskaini ohi diren plazan eskainiko da kontzertua, Ardanza parkean, doan eta publiko guztiarentzako zabalik. Santakurtzetako kontzertu nagusiak herritarren artean bozkatu eta erabakitzen badira ere, ETSk eskainiko duen kontzertu hau Galdakaoko Udalaren eta Jai Batzordearen artean erabaki da.
‘Guretzat’ biraren barne egongo den kontzertu hau irailaren 16an eskainiko du talde ezagunak, eta litekeena da aurretik edo ostetik ere beste talderen batek jotzea. Oraindik ez dute Udaletik horren gaineko informaziorik eskaini.