Uztaileko osoko bilkuran Udal Lanpostuen Zerrenda handitzea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak udal langile bihurtzeko. Bestalde, etxebizitzarako sarbidea errazteko bi puntu adostu zituen.
Galdakaoko Udalak bere gain hartuko du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, eta prozesu «luze eta gogor» baten ostean, zerbitzua munipalizatzeko azken pausoak ematen ari da.
Ekaineko osoko bilkuran behin behinean onartu zen zerbitzua publiko bihurtzeko oinarrien txostena eta uztailekoan aldiz, behin betiko onartu zuten alderdiek, Udal Gobernuko taldeen aldeko botoarekin, EAJren kontrako botoekin eta PSEren abstentzioekin.
Uztailaren 30ean antolatutako saioan, Udal Lanpostuen Zerrenda handitzea adostu zuen ere Galdakaoko udalbatzak, hain zuzen etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak udal langile bihurtzeko, besteak beste. Gotzone Hazas zerbitzuko langileak BINKEri adierazi zionez, zerbitzua munizipalizatzeak «hobekuntzak ekarriko ditu erabiltzaile eta langileentzat».
Honakoak izango dira udaleko lanpostuen zerrendako aldaketak:
- Etxez etxeko laguntza zerbitzurako egitura administratiboa eta operatiboa osatzeko, honako postuak sortuko dira: koordinatzailea, bi gizarte langile, administrazio orokorreko teknikari 1, bi administrari eta 34 laguntzaile.
- Gizarte ekintzako koordinatzailea.
- Inserziorako teknikari lanpostua amortizatuko da, gizarte langile postua sortzeko.
- Errelebo kontratuak onartu dira, hala eskatu duten euskaltegiko bi irakaslerentzat, atezain batentzat eta musika irakasle batentzat.
- Beste lanpostu batzuk eguneratu egingo dira, zehazki, lanpostu mailari dagozkien osagarriak.
Erabaki gehiago
Bestalde, etxebizitza gabeziari aurre egiteko helburuz, lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko urtarrilean malgutu zen ordenantza arautzailea behin betiko onartu da, bi argibide tekniko gehituta. Etxebizitza eskuragarriak eta duinak sortzea, auzoak biziberritzea eta espekulazio turistikoa baztertzea dira neurriaren helburu nagusiak.
Galdakaoko gazteen emantzipazioa errazteko Udalak ematen dituen dirulaguntzak gazte gehiagok jaso ditzaten, oinarri arautzaileak malgutzea onartu du udalbatzarrak. Aldaketa nabarmenenak gutxieneko eta gehienezko diru sarreren ingurukoak eta diruz lagunduko diren ehunekoei dagozkienak dira:
Zabaldu egin dira emantzipaziorako diru laguntzak eskatzeko beharrezko diru sarreren tarteak:
- Eskaera bakarka egiten dutenek 8.400 euroko diru sarrerak izan beharko dituzte urtean, gutxienez, (lehen 10.000 eurokoa zen gutxienekoa) eta gehienezko sarrerak, lehengo 30.000 eurotik 35.280 eurora pasatuko dira.
- Eskaera egiten dutenak bi kide edo gehiagoko bizikidetza unitateak direnean, gutxieneko diru sarrerak 10.000 euroan mantenduko dira baina gehienezko diru sarrerak 53.000 euro artekoak izan ahalko dute (lehen 45.000 eurokoa zen muga).
- Emango diren diru laguntzak ere handitu egingo dira diru sarreren arabera, behar handiena dutenek laguntza handiagoa jaso dezaten. Diru sarrera gutxien duten gazteek alokairuaren %60 jaso ahalko dute laguntza gisa.




