Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako mobilizazioekin bat egitea adostu du Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa deitu du Bilbon azaroaren 4rako, ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean. Honekin bat egitea adostu zuen eguenean Galdakaoko udalbatzak, Bagabiz Euskara Elkartearen proposamenez.
Atzo egin zuten urriko osoko bilkura Galdakaoko udaletxean eta beste neurrien artean, Euskalgintza Kontseiluak deitutako mobilizazioekin bat egitea adostu zuten. Kontseiluak manifestazioa deitu du azaroaren 4rako, ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean.
Udalbatzak euskararen aldeko aldarrikapenekin bat egiteko mozioa Bagabiz Euskara Elkarteak egindako proposamenaren ostean onartu zuen. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak udalei euskara hutsean jardutea eta epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dela eta hizkuntza gutxituak jomugan dituen «olatu erreakzionario batean» kokatzen dela adierazi dute Bagabizetik.
«Euskalgintzako eragileok kezka horren berri eman genuen joan den maiatzaren 10ean, eta oraingoan ere herritarrei dei egin nahi diegu azaroaren 4an oldarraldi honen aurka, baina, batik bat, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera», deitu dute elkarte galdakoztarretik.
Bestalde, tokiko merkataritzan eskola materiala erosteko diru laguntzak emateko oinarriak onartu zituen udalnbatzak. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzako materiala erosteko izango da laguntza.
Halaber, kreditu aldaketa bat onartu zuten aho batez, 634.500 euro gehitu daitezen. Bi ekintzetara zuzenduko da diru hori: enplegu planetarako 444.500 euro bideratuko dira eta 190.000 euro gizarte larrialdietarako etxebizitza bat erosteko.