Euskara Batzorde sendoa du Elexalde institutuak
TESTUA ETA ARGAZKIAK: Elexalde BHI
Elexalde BHI ikastetxeko Euskara Batzordea martxan da, eta indartsu egon ere. Dagoeneko zenbait ekintza antolatu dituzte, eta beste asko dituzte hurrengo asteetarako prestatuta.
Elexalde BHI institutuko Euskara Batzordeak, Hizkuntza Normalkuntza proiektuaren euskarriarekin, aurtongo ikasturterako EUSKARA eta EUSKAL OHITURAK sustatzeko hainbat ekintza egin ditu jada: Gau beltzari lotutako apainketak, Euskararen egunari lotutako jaia eta txokolatada, Neguko solstizio edota gabonei lotutako jaia, etab. Egun esanguratsu hauek antolatzeko DBH eta Batxilergoko ikasleez osatutako Euskara Batzorde sendoa daukagu.
Lehenengo irudian behatu daitekeenez, azken astean, otsailaren 3an, hain zuzen ere, Santa Agedari lotutako koplak abestuz diru-eske ibili dira Galdakaoko kaleetatik DBH 4.mailako ikasleak. Kalez kale abesten ibili ostean, indarberritzeko, Galdakaoko Udalak txokolatea banatu die.
Hurrengo asteetarako erronka berriak dituzte batzordekideek, Ihauterietako mozorro-dantza lehiaketa antolatuko baitute otsailaren 17an. Honez gain, Euskal Kulturara hurbiltzeko hainbat ekintza antolatu dira Elexalde BHIn: Dimako Antzasti museora irteera, Arrate Egaña idazlearen bisita, Maia Iribarneren musika emanaldia, Oihan Vega Gaztea irratiko esatariaren bisita, etab. AEK-rekin batera euskararen erabilera handitzeko EUSLIDER proiektua ere martxan da.
Ikusi daitekeenez, indartsu hasi dute ikasturtea Elexalde BHIko eskola komunitatea osatzen duten irakasle, ikasle eta gurasoak.