
Euskaraldian izena emateko buzoiak jarri dituzte Galdakaoko bederatzi gunetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Maiatzaren 15etik 25era antolatuko da aurtengo Euskaraldia eta honezkero zabalik dago ekimenean izena emateko epea. Galdakaon bederatzi gune jarri dituzte horretarako, eta hemen batu dugu zerrenda. Aurten zein roletan arituko zara, ahobizi edo belarriprest?
Euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen Euskaraldia ekimena maiatzaren 15etik 25era antolatuko da aurten, ‘Elkar mugituz egingo dugu’ lemapean. Galdakaok bat egingo du aurten ere egitasmoarekin eta pasa den barikuan aurkeztu zuten Hamaikakoa, BINKEk jaso zuen moduan.
Ekimenean izena emateko epea zabalik dagoeneko maiatzaren 15era bitarte eta webgune bitartez egin daiteke, eta baita herrietan jartzen ari diren buzoietan ere. Galdakaon bederatzi gunetan jarri dituzte buzoiak, honako eraikinetan:
- Musika eskolan
- Anbulatorioan
- Udaletxean
- Urretako kiroldegian
- Elexaldeko kiroldegian
- Santa Barbaran
- Barandiaran AEK Euskaltegian
- Udal Euskaltegian
- Torrezabal Kultur Etxean
Bestalde, Galdakaon martxoaren 20an izango da Euskaraldiko Gune Ibiltaria. Iturrondon egongo da 17:00-20:00 ordutegian eta egitasmoan izena emateko eta arropa erosteko aukera izango da.